Elizpe Rock jaialdiaren balorazio "oso positiboa" egin dute
Eguraldia lagun izan ez arren, "jende asko" batu da Etxebarriko Elizpe Rock jaialdian. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete jaialdia aurrera eroaten lagundutako denei.

Eskualdeko nahiz urrunagoko musikazaleak elkartu zituen Etxebarriko Elizpe Rock jaialdiak zapatuan [apirilak 12]. Eguraldiak askorik lagundu ez zien arren, antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo edizioaren balorazio “oso positiboa” egin dutela.
Askotariko musika estiloen elkargunea izan zen Etxebarria, eta ikusentzuleen erantzuna ere, ez zen nolanahikoa izan: “Iluntze aldera jende asko batu zen, eta alde horretatik ere balorazio positiboa egin dugu. Jendea gustora egon zen”. Entzuleak ez ezik, musika taldeak ere gustura aritu ziren: “Taldeak ere oso gustora egon ziren, euren feedbackak oso-oso onak izan dira. Datorren urtera begira taldeetako kideek asko animatu gaituzte jaialdiarekin jarraitzera”.
Halako jaialdi bat, baina, ezin laguntzarik gabe aurrera atera. Hori horrela, antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan diete laguntzera bertaratutako denei: “Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzera etorritako denei. Hau ez da posible jenderik barik egitea, eta herriko jendea izan da txandetan nahiz muntatze eta desmuntatzean lagundu duena. Bestalde, babesleak eduki ditugu aurten, eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”.









