Emir Vazquezi laguntzeko jaialdi solidarioak erantzun "oso ona" eduki du
12.000 euroko kostua daukan tratamendua behar du Emir Vazquez 16 urteko lekeitiarrak, eta dirua lortzeko asmoz jaialdia egin dute Lekeitio BHIko kideek. Tapoi bilketarekin jarraitzeaz gain, ekarpen ekonomikoa egiteko kontu korronte bat ere zabaldu dute.

Emir Vazquez 16 urteko gazteari laguntzeko asmoz, lekeitiarrei indarrak batzeko deia egin zieten barikuan [apirilak 11] Lekeitio BHIko ikasle, irakasle nahiz gurasoek. Herriaren aldetik erantzun “oso ona” jasota, Vazquezi bizkarrezur muinean eragiten dion zeharkako mielitisa izeneko gaixotasun autoinmuea tratatzeko dirua biltzeko beste aurrerapausu bat eman zuten jaialdiagaz.
Helburu argi batekin antolatu zuten jaialdia: “Tratamendu bat proposatu diete Emirri, Madrileko zentro pribatu batean. 12.000 euroko kostua dauka, eta hori eta bere beste hainbat behar ordaintzeko dirua biltzeko pentsatu genuen jaialdia antolatzea”. Hala, “oso pozik” daude jasotako erantzunarekin: “Giro oso ona egon zen, jende asko batu zen Eskolapean, eta pozik gaude. Gainera, ikasle eta irakasle elkarlanean aritu ginen, eta hori guretzat pozgarria da, denak ekimenagaz konprometituta ikustea. Herriaren aldetik ere erantzun oso ona jaso genuen, jende asko etorri zen”.
Barikukoa amaitu den arren, Vazquezi laguntzeko diru bilketak aurrera jarraituko du. Alde batetik, Lea-Artibai Mankomunitateagaz batera, tapoi bilketarekin jarraituko dute; Lekeitio BHIn, Zumaran Arraindegian eta Plaza Okindegian utzi daitezke tapoiak. Lekeitiotik kanpora, ostera, Lea-Artibai Mankomunitateko herrietako udal nahiz ikastetxe guztietan biltzen dituzte tapoiak. Bestalde, Lekeitio BHIko kideek gogorarazi dute ekainaren 20an otzara baten zozketa egingo dutela; horko txartelak ere saltzen jarraitzen dute, Vazquezen alde.
Era berean, ekarpen ekonomiko zuzena egin nahi dutenentzat kontu korronte bat ere zabaldu dute: ES33 2095 0050 38 3239013626. “Orain ekarpenekin aurrera jarraitzea egokitzen zaigu! Ez dago minimorik, hazi txikietatik zuhaitz handiak hazten dira”, azaldu dute antolatzaileek. Vazquezi laguntzeko ekimenen informazioaz gain, ekarpenak zelan egin azaltzen duen informazio zehatza Emirlagundu.eus web orrian argitaratu dute.