Iaz baino txanda bat gehiago egongo da Lekeitioko Herri Udalekuetan
Aurtengo udalekuen informazio zehatza emateko bilera egingo dute apirilaren 28an, 18:30ean, Azkue aretoan. Izena emateko epea maiatzaren 5ean irekiko da. Aurten DBH 1eko gaztetxoek ere parte hartu ahalko dute.
Lekeitioko Udalak eta Lekeitioko Eskola Kirolak iaz antolatu zituzten lehenengoz Herri Udalekuak, eta agerikoa da erantzun ona eduki zuela. Izan ere, aurtengoan txanda bat gehiago egongo da, eta DBH1eko gaztetxoek ere parte hartu ahalko dute.
Herriko gaztetxoek “elkarrekin uda pasatzeko aukera ederra” izango dute herrian bertan. Hala, aurtengoan ekainaren 29tik abuztuaren 1era izango dira sei txandak, 10:00etatik 14:00etara bitartean. LH 1. mailako ikasleetatik hasi eta DBH 1. mailara bitartekoek parte hartu ahalko dute.
Aurtengo aldiaren ezaugarriak, programaren nondik norakoak eta informazio zehatza apirilaren 28an emango dute, 18:30ean, Azkue aretoan; interesa duen orori bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Era berean, aurreratu dute izena emateko epea maiatzaren 5ean zabalduko dutela.

Miren Etxebarria Herri Udalekuetako koordinatzailea eta Igotz Espeja Hezkuntza zinegotzia, aurtengo Herri Udalekuen aurkezpenean.