Jesus Guridiren 'Mari-Eli' zarzuela interpretatuko dute Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri ondarrutarrek
Gaur egungo begirada emango dio Calixto Bieito Jesus Guridiren 'Mari-Eli' zarzuelari. Apirilaren 30ean [eguaztena] eta maiatzaren 1ean [eguena] estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian.

Arriaga Antzokiak ekoitzitako eta BBK Fundazioaren laguntzaz sustatutako Mari-Eli zarzuela estreinatuko da apirilaren 30ean [eguaztena] eta maiatzaren 1ean [eguena] Bilboko Arriaga Antzokian. Jesus Guridiren lana 1936ko apirilean estreinatu zen lehen aldiz Madrilen, eta Gerra Zibilaren ondoren, Bilbon taularatu zen, 1941ean. Egungo obra Calixto Bieitok zuzendu eta gaur egungo begirada emango dio, “melodia gogoraerrazak eta pasarte komikoak” uztartuz. Bertan agertuko diren hamar interpretatzaileen artean, Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri ondarrutarrak ere arituko dira aktore lanetan, Mitxel Santamarina gernika-lumotarrarekin batera.
“Itsas kutsuko” zarzuela da Mari-Eli eta hiru pertsonen arteko maitasun istorioa kontatzen du. Hiru aktoreak herriko pertsonaien papera egiten dute, eta eszena musikalen artean eszena komikoak antzezteaz arduratzen dira.”Istorioan zehar gertatzen dena ikusleei kontatzen diegu, kuxkuxero gisa, eta nola ez, modu komikoan”. Gainera, Jon Malaxetxebarria gernika-lumotarra da musika zuzendaria, eta Sociedad Coral de Bilbaok eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak ere hartzen dute parte musika eszenan.”Musikalki oso polita da, eta euskal folkloreko kutsu musikala ere badauka”, adierazi du Ugaitz Alegriak.
Apirilaren 30ean [eguaztena] eta maiatzaren 1ean [eguena] eskainiko dute Bilboko Arriaga Antzokian, 19:30ean. Sarrerak salgai daude Arriaga Antzokiko webgunean.