Kontzejupea margotuta, Plaza Beltza txukuntzeari ekingo diete Lagunkoi taldekoek
Apirilaren 25ean eta 26an Plaza Beltzeko hormak margotu eta umeentzako margo tokia prestatuko dute. Laguntzera bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

Lekeitioko Lagunkoi taldeak ez du atsedenik hartzen. Joan den bariku eta zapatuanĀ [apirilak 11 eta 12] kontzejupeko hormak txukundu zituzten zazpi boluntariok; bi egunetan bertaratu ziren zazpi partaideak. Apirilaren 25ean eta 26an, ostera, Plaza Beltza txukunduko dute.
Hormak eta sabaiak garbitu, espatularekin konpondu, plastea eman eta pintaketa egin zuten bertaratutakoek. Kontzejupeko kanpoko aldean auzolanera batzeko gonbidapen kartelak ipini zituzten, eta halaxe batu zen Denba senegaldarra ere taldera: “Erantzun polita izan dugu, eta boluntarioen artean aipagarriena Denba senegaldarraren partaidetza da guretzat”. Dena amaituta, Lagunkoi taldearen irudia eta data margotu zituzten hormetako batean: “Tokiak argitasuna eta itxura oso ona hartu du. Data eta gure irudia ipinita, taldearen lana ondo isladatuta geratu da”.
Hurrengo auzolan ekintzari dagokionez, apirilaren 25ean eta 26an 09:30etik 12:30era elkartuko dira Plaza Beltzean (San Andres auzoaren aurrean). Hormak margotzeaz gain, umeentzako margo tokia ere prestatuko dute. Interesa duen eta laguntzeko prest dagoen edonor gonbidatuta dagoela nabarmendu dute; amaieran hamaiketakoa egingo dute partaideek etxetik eroandako janariarekin.