Lea Ibarraren nortasuna aldarrikatzera dator Leatarren Eguna
Maiatzaren 10ean [zapatua] ospatuko da aurten Leatarren Eguna, Gizaburuagan. Egun guztiko jaia antolatu dute Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako herritarrek, Lea Ibarraren nortasuna indartu eta aldarrikatzeko helburuagaz.

Gizaburuaga izango da aurten Leatarren Egunaren testigu. Lea-Ibarrako Mankomunazgoak antolatuta, maiatzaren 10ean [zapatua] ospatuko dute eguna Mendexa, Amoroto, Munitibar Gizaburuaga eta Aulestiko herritarrek, eskualdeko nortasuna indartu eta zabaltzeko helburuagaz.
“Bost herrietakook elkar ezagutu, ondo pasatu, belaunaldi ezberdinen arteko loturak sortu, eta gure herri txikietako izana, kultura eta balioak aldarrikatzeko antolatzen dugu Leatarren Eguna hiru urtetik behin. Lehenengo aldiz Mendexan antolatu genuen, 1977an, eta eguna aurera eramateko herriak aldatzen ditugunez, aurten, Gizaburuagan egingo dugu”. Baztandarren Biltzarra abiapuntutzat hartuta antolatu zuten Leatarren Eguna lehenengo aldiz: “1963an Baztango gazteek Aralarrerea egin zuten ibilaldi batean sortu zen Baztandarren Biltzarra, bailarako gazteak beraien artean ezagutzeko helburuagaz. 1970ean Lea bailarako gazteentzat udalekuak prestatu ziren Mugairen, eta bertara bost herrietako ehun gazte inguru joan ziren”. Egonaldi hartan, Lea Ibarrako begiraleek Baztango hainbat gazte ezagutu ondoren, Baztandarren Biltzarrera gonbidatu zituzten, eta bertan egon eta gero, Leatarren artean itxurako zerbait egiteko ideia izan zuten Lea Ibarrako herritarrek.
Hala, azkenengo Leatarren Egunetik hiru urte igaro diren honetan, aurten ospatuko dute “beraien” eguna berriro ere. 11:30ean Buruhandien eta Amaia eta Iker dultzaineroen kalejiragaz emango diote hasiera egunari, eta ondoren, 12:00etan, txupinazioaren txanda izango da: “Aurten, Leargik botako du txupinazoa”. 12:30ean, irrintzi lehiaketaren ordua izango da eta bi taldetan banatuko dute txapelketa: Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoak alde batetik, eta hamahiru urtetik gorakoak bestetik. Irabazleak zapia lortuko du eta antolatzaileek adierazi bezala, egunean bertan eman beharko da izena.
Jai giroak ez du huts egingo Leatarren Egunean. 13:00etan Trikibertso poteoa hasiko da, Mirari eta Izarra trikitilarien, eta Garazi eta Lurdes bertsolarien eskutik. 14:30ean, bost herrietako jendea batzeko momentua izango da: Herri bazkaria. Ondoren, Kubike Aisialdi Taldeak Ginkana bat prestatuko du, eta ostean, txokolatada egongo da. 20:00etan Kittu Erromeriak girotuko du Gizaburuaga, eta amaitzeko, DJ Arene igoko da oholtzara.
Egunean zehar postu desberdinak egongo dira, adibidez, Leargik postua jarriko du, herritarrak informatzeko asmoz. “Euskaraldian izena emateko aukera ere egongo da, eta goizean zehar umeentzako puzgarriak eta tailerrak egongo dira”. Antolatzaileek adierazi dutenez, bazkariko tiketak herrietako udaletxeetan daude salgai apirilaren 30era [eguaztena] arte, eta hiru menu egongo dira aukeran: Menu nagusia (Marmitakoa, oilasko errea patatekin eta pantxineta), menu beganoa (Entsalada, barazki hanburgesa tomatearekin eta fruta), eta umeen menua (Makarroiak txorizoarekin, oilasko errea patatekin eta marrubizko jogurta). Umeen tiketak 12 euro balio ditu, 13 eta 18 urte bitartekoenak 16 euro, eta 18 urtetik gorakoenak 22 euro. “Bakoitzak bere edalontzia ekarri beharko du”.