Urrea, zilarra eta brontzea, Espainiako Txapelketan
Castro Urdialesen lehiatu zuten asteburuan [apirilak 26 eta 27] 82. Espainiako Batelen Txapelketa. Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteak urrezko domina eta brontzezkoa eskuratu ditu, eta Mutriku Arraun Elkarteak zilarrezkoa.

82. Espainiako Batelen Txapelketa lehiatu zen asteburuan [apirilak 26 eta 27] Kantabriako Castro Urdialeseko uretan, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko arraunlariek emaitza onak eskuratu zituzten. Izan ere, Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartea urrezko eta brontzezko domina bana irabazi zuten eta Mutriku Arraun Taldekoek zilarrezkoa.
Emakumezkoen kimu kategorian Isuntza Arraun Elkartea nagusitu zen 02:38,47ko denboragaz; hala, urrezko domina lortuz. Maiane Valencia Aranbururen gidaritzapean aritu ziren Nora Sesma Larrea, Uxue Gutierrez Eiguren, Naia Arrizubieta Portillo eta Ane Zabala Amutxastegi, 500 metrotan. Lekeitiarren atzetik, segundo batera, gelditu zen Valle de Camargo, eta hirugarren postua lortu zuen Cabo de Cruzek, lehenengotik lau segundotara. Actividades Nauticas Arraun Elkarteak laugarren postua bereganatu ostean, bosgarrenean gelditu zen Puebla.

Isuntza Arraun Elkarteko arraunlariak.Isuntza Arraun Elkartea.
Emakumezkoen haur kategorien bigarren postua lortu zuen Mutriku Arraun Elkarteak, eta hirugarrena eskuratu zuten lekeitiarrek, 1000 metrotan. Mutrikuarrak 05:03,39ko denboragaz amaitu zuten estropada, eta Isuntzako arraunlariak segundu bat beranduago heldu ziren helmugara, 05:04,75ko denboragaz. Hala ere, Cabo De Cruzek eskuratu zuen garaipena, 04:57,27ko denboragaz. Maren Agirrezabalaga Arrizabalagaren gidaritzapean aritu ziren Haizea Arrieta Arantzamendi, Udane Gutierrez Alberdi, Iraia Ituarte Catalan eta Garazi Flores Moreda mutrikuarrak, eta Iraia Lejardi Ruiz patroi, eta Elene Portillo Ispizua, Naia Akarregi Mendizabal, Leire Gutierrez Eiguren eta Paule Mintegia Juaristi lekeitiarrek hirugarren postua eskuratu zuten.

Mutriku Arraun Taldeko arraunlariak.Mutriku Arraun Taldea.