Debabarrenako langabetuei zuzendutako HAZILAN+ programan izena emateko epea zabalik dago
Debabarrena eskualdeko "langabeen laneratzea lortu eta enplegagarritasuna hobetzeko" helburuarekin abiarazi dute HAZILAN+ programa Debabarreneko Udalek eta Debegesak.

Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentzien Euskal Elkarteak elkarlanean HAZILAN+ programa abiatu dute eskualdeko langabetuen laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin: “Kualifikazio maila ertaina edo altua izan arren lan merkatuan lehen aldiz sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten Debabarrena eskualdeko langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko programa da. Horretarako, programak hainbat orientazio ekintza jarriko ditu parte hartzaileen eskura; esaterako, zeharkako gaitasunetan trebatzea, ezagutzen eguneraketa eta enpresako praktikak”.
Esperientziarik ez duten gazteei edo langabezian dauden helduei zuzendutako programa da, eta eskualdeko udaletatik eta Debegesatik zehaztu dutenez, lehentasuna izango dute etxeko eta zaintza lanetan aritu izan diren emakumeek: “Izan ere, datuek erakusten dute etxeko eta zaintza lanetan aritu diren emakumeak direla lan merkatuan sartzeko orduan zailtasun handienak dituztenak”.
Parte hartzaileek hiru baldintza nagusi bete beharko dituzte: langabezian egotea, erdi mailako, goi mailako edo unibertsitateko titulua edukitzea eta Debabarrena eskualdeko herriren batean erroldatuta egotea. “Programak, halaber, parte hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharrekin gurutzatu nahi ditu, bi aldeen interesei erantzuteko eta gizarte eta enpresa sare dinamiko eta lehiakorra sustatzeko eta indartzeko”.
Programan parte hartzen duten herritarrek eskura izango duten bi ibilbidetik bat garatzeko aukera izango dute “beharren arabera”: “Alde batetik, Osatu ibilbidea izango dute. Honen bidez, parte hartzaileek lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte tailerren bidez”. Maiatzean hasiko da prestakuntza fasea eta ekainera arte iraungo du; gainera, enpresa praktikekin osatuko da, “parte hartzaileak benetako lan esperientzia izan dezan”. Beste aldetik, Lorpen ibilbidea izango dute aukeran. Honakoa, banakako ibilbidea da, eta enplegua lortzeko beharrezko trebetasunak dituzten pertsonak edo Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik kanpo dauden eta itzultzeko asmoa duten pertsonak zuzenean laneratzeko bideratuta dago.
Hala, HAZILAN+ Programan izena emateko Debegesaren webgunean dagoen galdetegia bete beharko dela jakinarazi dute kudeatzaileek.