Ia 1.000 lagun elkartu ditu Boga! Mendi Martxak
Antolatzaileek hiru ibilbideen balorazio positiboa egin dute. 49 kilometrokoa Euskal Mendi Federazioaren egutegirako puntuagarria izan da.

Iragan domekan [apirilak 27] egin zuten Boga! Mendi Martxa, Aurrera Mendi Taldeak eta Zubi Zahar Ikastolak antolatuta. Goizean goiztik, mendizaleek giro ederrean gozatu ahal izan zuten antolatzaileek prestatutako ibilbide luzeaz eta laburraz. Ia 1.000 pertsonak parte hartu zuten mendia, kirola eta aisialdia uztartu zituen ekimenean: 147 lagunek 49 kilometroko aukera luzean parte hartu zuten; 475ek, 23 kilometroko laburrean; 277k, 10,5 kilometroko martxa txikian. Parte hartzaile asko, gainera, “Euskal Herri osotik” bertaratu ziren, eta, hortaz, antolakuntzak “balorazio ona” egin du: “Mendizaleen erantzunarekin pozik geratu gara”.

Argazkia: Boga! Mendi Martxa.
Hiru ibilbideetako martxak “oso ondo” joan zirela eta egun osoan zehar Kamiñazpi inguruan “giro polita” egon zela nabarmenduta, ibilbide luzeari erreparatu diote antolatzaileek. Izan ere, duela bi urte egin zuten azkenengoz aukera luzea, eta aurten berreskuratu egin dute. Bere luzera tarteko, Euskal Mendi Federazioaren egutegi barruan sartu dute, eta, hala, puntuagarria izan da. Mendizaleak ibilbide luzeagaz “oso gustura” geratu direla adierazi dute, eta hurrengo urtean errepikatzeko prest agertu dira. Ibilbide laburra nahiz luzea iazko berberak izan dira; azken horretan umeak izan dira nagusi. Bestalde, antolakuntzak urtero-urtero laguntza ematen dioten komertzioetako zein tabernetako jabeak gogoratu ditu, baita Kideri ere: 50. urteurrena egin dute, eta aurten laguntzaile eanguratsua izan da.