Independentziaren aldeko aldarriak lau haizetara
Lehenengoz antolatu dute Ernaik, Lab-ek eta Sortuk Lea-Artibaiko Independentzia Eguna, eta egunaren balorazio ona egin dute. Besteren artean, 130 lagun elkartu ziren bazkaritarako.

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, independentziaren aldeko aldarriek hartu zituzten zapatuan [apirilak 26] Lekeitioko kaleak. Ernaik, Lab-ek eta Sortuk lehenengoz antolatu zuten Lea-Artibaiko Independentzia Eguna, egun osoko egitarauagaz: “Eguna ondo joan zen. Goizean hitzaldiak eduki genituen eta jendea batu zen; nahiko txukun irten ziren. Gero bazkaria egin genuen, eta 130 lagun elkartu ginen. Bazkalostean Nerea Gartziarekin tonbola egin genuen; oso ondo joan zen ”.
Arratsaldea, ostera, antolatzaileen ekitaldiagaz hasi zuten. Jopuntuan hartu zituzten eskuin muturraren “mundu mailako gorakada eta faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen hazkundea”: “Jakin badakigu sistema kapitalista zisheteropatriarkatu, kolonial ekozida eta arrazistak ez digula denoi bizitza duina bermatuko”. Horren aurrean, independentzia tresna dela aldarrikatu zuten: “Independentzia tresna da: gure herriaren aitortzarako, Euskal Herriaren berregituraketarako, baina, baita ere, amesten dugun herria eraikitzeko, herri justuago eta askeago bat”. Prozesu independentistek bultzada soziala “nahitaez” beharko dutela azpimarratu zuten; horretarako hitzordua ekainaren 7an Bilbon dutela gogorarazi zuten.
Antolatzaileek azaldu dutenez, zapatukoa independentziaren aldeko borrokan “bultzada beri bat” izatea zen helburua, “indarrak hartzeko, saretzeko, ospatzeko eta bihartik aurrera herriz herri lanean jarraitzeko”: “Gutako bakoitzari dagokigu proiektu independentsita zabaltzea, txikitasunetik, egunerokotasunean: euskara taldeetan, udaletxean, talde feministetan, lantokietan, gazte eremuan… bagoaz independentziaren aldeko oihartzuna zabaltzera”.