Ekainaren 14an izango da Etxebarriko Ganadu Azoka
Animaliak eroan nahi dituztenek edo produktuen postua ipini nahi dutenek maiatzaren 9rako eman beharko dute izena.
Etxebarria eskualdeko nahiz inguruetako ganaduen erakusleihoa izango da beste behin. Aurtengoan ekainaren 14an ipini dute hitzordua; animalien erakusketa eta salerosketa egiteko aukera egongo da egun horretan.
Azokan parte hartu nahi dutenek, gehienez ere, maiatzaren 9rako eman beharko dute izena. Eskaerak aurkezteko hiru bide zabaldu dituzte: udaletxean (09:00etatik 14:00etara), 946-16 64 32 telefonora deituz edo udala.etxebarria@bizkaia.org helbidera idatziz.
Ohi bezala, hainbat baldintza bete beharko dituzte partaideek, eta doakoa eta librea izango den arren, dieta jasotzeko erakusketako animaliek herrikoak izan beharko dute. Hala, sei hilabetetik gorako animaliek jasoko dituzte dietak; jabe bakoitzak abere mota bakoitzeko gehienez lau bururen dietak kobratu ahalko ditu. Zaldi, behor, mando, asto eta poniak eroaten dituztenek 75 euro jasoko dituzte buruko; behi, txahal eta idiek, berriz, 115 euro jasoko dute buruko. Sei hilabetetik gorako loteei berriz, 120 euro emango dizkiete; loteak bederatzi ardik eta ahari batek edo bederatzi ahuntz eta aker batek osatutakoak izan beharko dira.
Bestalde, euskal arrazako etxabereak eroaten dituztenek izena ematean ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta honela banatuko dituzte dietak: oilo, untxi, antzar, ahate eta ahuntzen lote bakoitzeko 60 euro emango dituzte (lotea bi emek eta ar batek osatuko dute). Euskal artzain txakur bakoitzeko, berriz, 25 euro jaso ahalko dituzte.
Osasun arloan indarrean dauden arauak bete beharko dituzte: izena ematerakoan animalien kartilla aurkeztu beharko dute, presentzialki edo e-mail bidez. Horrez gain, animaliak sokan lotuta egon beharko dira erakusketak iraun bitartean. Arauak betetzen ez dituenak dieta eskubideak galduko ditu.
Produktuen azoka. Bestalde, animaliez gain produktuak ere salgai jarriko dituzte. Ortuariak, gaztak, gozokiak, eztia, jogurtak, esnekiak, ogia edo bestelakoak saldu nahi dituztenentzak kasetak ipiniko dituzte; postu bakoitzari 100 euroko dieta ordainduko diete. Udalaren webgunean argitaratu dituzte postuak esleitzeko bete beharreko baldintzak.