Mendexako lursailetara isurtzen diren hondakinen aurrean neurriak hartzeko eskatu du Eguzkik
Hondakinak isurtzen diren eremuan belatz handi bikote bat bizi dela azaldu du talde ekologistak, eta espeziea Babes Bereziko Zerrendan dagoela zehaztu du.

Lea Artibaiko Eguzkik kexa jaso berri du Mendexako lursailetako itsaslabarrera isurtzen ari diren hondakinen inguruan, eta honen aurrean, neurriak hartzeko eskatu du: “Amorru handia ematen du, naturan bertan hondakinak botatzen dituen jendea egotea. Latetatik hasi, komunak eta hozkailuetara. Hori bai, gero mila kilometro egingo dituzte ondo kontserbatutako lekuez gozatzeko”.
Kexa jaso bezain laster, Mendexako Mari Jose Uriarte alkatearekin harremanetan jarri ziren Eguzkiko kideak, eta neurriak hartzeko prest agertu zen Uriarte: “Gainera, isurketen egileak identifikatzea eta arazoa behin betiko amaitutzat jotzea espero dugu”.
Horrez gain, Mendexako itsaslabarretan belatz handi bikote baten habia ere badagoela zehaztu du Eguzkik, eta espeziea Babes Bereziko Zerrendan dagoela azaldu du. “Inguru honek bere balio ekologiko handia berreskuratzea espero dugu, eta belatz handi bikoteak habia ez uztea, eta kumeak baldintza egokietan aurrera atera ahal izatea”.

Argazkia: Eguzki.