Udako kirol udalekuen eskaintza bateratua aurkeztu dute Ondarroako kirol taldeek
Zaldupe udal kiroldegiak, Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroa Arraun Elkarteak aurkeztu dute udako kirol udalekuen eskaintza.

Ondarroako Udalak antolatuta, kirol arloan egongo diren udako kirol udalekuen aurkezpen bateratua egin dute Zaldupe udal kiroldegiak, Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroa Arraun Elkarteak. Hala, udalerriko gazteenentzako hiru eskaintza egongo dira aurtengo udan: Kirol Udalekuak, Aurrera Kanpusa eta Arraun Eskola. Mila Rodriguez Zaldupe udal kiroldegiko zuzendariak udako eskaintza batera aurkeztearen garrantzia azpimarratu du: “Uste dugu garrantzitsua dela egongo diren eskaintzak denok batera aurkeztea; bakoitzak nahi duena aukeratzeko eta udaldia ondo antolatzeko”. Zehaztu dutenez, bi helburu esleitu dizkie aurkezpenari: kirol eskaintza bateratua aurkeztea eta udako jarduera aukeratzeko orduan ume eta gurasoei erraztasuna ematea.
Ondarroako Udaleko kirol zinegotzia den Ibon Bergara Etxartek ere “begi onez” ikusi du ekimena: “Martxoan, herriko kirol talde guztiei bidali genien mezu bat gure nahia zein zen adierazteko, eta gaur, hemen batu gara hirurok. Askotan, bakoitza bere aldetik ibilita, badirudi herrian ez dagoela udarako jarduerarik umeentzat, eta honek kontrakoa erakusten du: kirola egiteko aukera zabala daukagu Ondarroan”. Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, datozen urteetan ere aurkezpena formatu berdinean errepikatzea gustatuko litzaioke udalari, “eta ahal bada, kirol eskaintza zabalagoa egotea”.
Aurkeztutako kirol eskaintzari dagokionez, Kirol Udalekuetan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 16ra arte; Aurrera Kanpusekoa maiatzaren 25era arte, eta Arraun Eskolakoa aurrerago zabalduko dela jakinarazi dute. Kirol Udalekuak udalak eta Zaldupe udal kiroldegiak antolatu dituzte eta kiroldegian gauzatuko dira, ekainaren 30etik uztailaren 11ra, eta uztailaren 14tik 24ra, 09:30etik 13:00etara. Kiroldegian eman beharko da izena eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarrenera arteko gaztetxoei bideratuta egongo dira. Bertan, askotariko kirol modalitateak landuko dira, “jolas, irteera eta jaien bidez”. Informazio gehiago eskuratzeko 94 613 42 09 telefonora deitu ahalko da.
Aurrera Kanpusa hiru txandatan gauzatuko da: Ekainaren 23tik 27ra, 30etik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 11ra. Aurrera Kirol Elkarteak antolatutako ekimena 2013 eta 2019 urte bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago, bi urteak barne, eta futbola izango da praktikatuko duten kirola, Zaldupe futbol zelaian. 10:00etatik 14:00etara arte izango dute udalerriko gazteek futbolaz gozatzeko tartea, eta jakinarazi dutenez, 9:15etik 10:00etara eskolako lanak egiteko aukera ere egongo da. Izena emateko galdetegia bete beharko da.
Azkenik, Arraun Eskola ekainaren 30ean hasiko da, eta uztailaren 25ean amaitu, “asteka apuntatzeko aukerarekin”. 10:00etatik 13:00etara bitartean izango da, eta udal arraun egoitzan batuko dira arrauna praktikatu nahi dutenak. Izena emateko Ondarroa Arraun Elkarteak sare sozialetan zabalduko duen galdetegia bete beharko da.