"Biribila" izan da XI. Musikaia Eguna
Kalejira, emanaldia eta Joseba Irazokiren kontzertuarekin ospatu dute XI. Musikaia Eguna. Loturak egin eta harremanak estutzeko eguna izan da: "Oso pozik gaude, biribil atera zen dena".

Iazko urteurren borobilaren ostean, aurtengoan XI. Musikaia Eguna ospatu dute Musikaia Musika Eskolakoek. Atzo [apirilak 30] izan zuten ospakizun eguna, eta “oso egun biribila” ospatu zuten herriko musikariek. Herriko musika talde ezberdinak batu, eta kalejiragaz eman zieten hasiera egunari: “Oso ibilbide alaia izan zen”. Hala, musika eskolako musikariekin batera hiru taldetan banatuta atera ziren Aittitta Makurra txaranga, Itxaropena Txistulari Taldea eta Aratuste Alai Estudiantinak.
Plazan elkartu ziren denak, eta pozik agertu dira musika eskolakoak ekitaliak izan zuen erantzunagaz: “Plaza gainezka zegoen. Jende pila bat, eta gu oso pozik. Joseba Irazokiren kontzertuan ere oso gustora egon zen jendea. Gitarra Lekeitioak izeneko diskoa Lekeition eskaintzea berezia eta hunkigarria izan zen beretzat ere”. Parte hartu zuten herriko musika taldeak ere, “oso gustora” geratu ziren erantzunarekin: “Formatua asko gustatu da herrian, eta herriko taldeak ere oso gustora geratu dira ikusita herritarrek eurekin bat egin dutela. Etorkizunera begira ere, gaztetxoenei talde horietan parte hartzera bultzatzeko eguna izan zen. Loturak eta harremanak estutu ditugu, eta oso pozik gaude. Biribil atera zen dena”.













