Herri Ondarearen atariak “harrera ona” izan du berriatuarren artean
Goikolau kultur elkarteak herritarren aurrean aurkeztu nahi izan du webgunea. Aitortza pare bat egiteko baliatu dute aurkezpena.

Goikolau Elkarteak Bilboko Euskaltzaindiako egoitzan aurkeztu zuen Berriatuko Herri Ondarearen ataria, baina, zelan ez, herrian bertan ere aurkeztu nahi izan dute. Hain zuzen ere, herritarrek bestelako aukera batzuk izango dituztelako webgunean. Martitzenean [apirilak 29] osatu zuten aurkezpena bideo gelan.
Bertan, proiektua eta funtzionamendua aurkezteaz gain, kultur elkarteak eta udalak herriko ondarearen alde lan egin duten berriatuarrak ere omendu nahi izan zituzten. Batetik, Leire Bereikuari lorak eman zizkioeten “hasieratik” ikus-entzunezkoen atalean egindako lan guztiagatik. Gero, beste aitortza Joseba Koldo Basterretxeari egin zioten kultur elkartearen sortzaileetako bati “egindako lan guztiagatik”.
Aurkezpen “oso polita” izan zela nabarmendu dute. Berriatuaren ondarearen inguruko bideo batekin eman zioten hasiera. Azkenean bideo gela txiki geratu zen eta 80 bat lagun elkartu ziren. Iñigo Mantzisidor Goikolau Elkarteko presidenteak eta Joseba Goienola Berriatuko alkateak hitzaldi labur bat eskaini zuten jarraian. “Herri komunitaterik gabe ondarerik ez legokeela sinesten dugu, eta ondarea, era berean, herritarren sareak eraikitzen laguntzeko tresna delakoan gaude”.
Zelan ez, herritarrentzako atariaren azalpenak eman zituzten pausoz pauso. Berriatuarrek sarbide berezi bat izango dute webgunera, erabiltzaile eta pasahitz batekin, nahi dutenean erabili ahal izateko. Amaitzeko, denek elkarrekin mokadutxoa jan zuten aurkezpenari amaiera emateko.






































