Mugikorrik gabeko arnasguneak ipini dituzte Etxebarrian
Altza Buru Etxebarria taldeak bi arnasgune ipini ditu herrian: bata Olaia aurreko umeen parkean eta bestea eskolako parkean. Ekimenera batu dira Etxebarriko Udala eta guraso elkartea ere.

Altza Buru Etxebarria taldeak mugikorren erabilera mugatuta egongo den zenbait arnasgune ipini ditu herrian, Euskal Herriko beste hainbat herritan egin den moduan. Gaur gaurkoz, herriko bi parke izendatu dituzte arnasgune: Olaia aurreko umeen parkea eta eskolako parkea. Ekimenagaz bat egin dute Etxebarriko Udalak eta guraso elkarteak ere.
Helburua “smartphonea erabili barik ingurukoekin jolastu edo hitz egiten denbora pasatzea” dela adierazi dute, mugikorrik gabeko momentuak sustatuz: “Mobila apur bat mugatu egin nahi dugu, horrenbeste erabili barik, eta horregatik ipini ditugu mobilik gabeko guneak. Helburua harremantzeko espazio bat izatea da, ze, ume asko ikusten ditugu mobilekin. Herriko beste hainbat tokitan ere arnasgune horiek ipintzea pentsatu genuen hasiera, baina azkenean egokienak identifikatu ditugu. Izan ere, toki askotan ipiniz gero, arriskua dago jendeak ez errespetatzeko, eta ez dugu hori nahi; helburua da arnasguneak benetan errespetatzea”.
Gaineratu dutenez, ume eta gaztetxoei ez ezik, helduei ere deia egin diete gune horietan mugikorrik ez erabiltzeko, “umeentzako eredu” direlako. Halaber, herritar denei egin diete parte hartzeko deia: “Gurasoak ere eredu izan behar gara. Umeak edo gazteak dauden tokietan gu ere denbora guztian mobilarekin bagaude, zer ikusten dute?”.
Denetariko ekimenak. Duela urtebete inguru hasi ziren martxan Etxebarriko taldekoak, eta bidean beste hainbat talderekin ere bat egin dute: “Harremanetan gaude Markina-Xemeingo taldearekin, esaterako. Lea-Artibai mailan ere beste talde bat dago, eta hainbat herritan ere badaude. Gainera, Bizkaiko taldea ere sortu dute, eta Bizkaiko talde ugari batu gara eurengana. Ez dauka oraindik Gipuzkoako taldeak bezainbesteko indarra, baina gure asmoa elkartzen jarraitu eta koordenatuta lanketa batzuk egitea da”. Azaldu dutenez, arnasguneak ipintzeko ideia ere, hortik sortu zen: “Markina-Xemeinen, esaterako, hainbat leku izendatu dituzte horrela, eta kartel bateki identifikatu, adibidez, zelaiko parkea, egurrezko parkea, Bekobentako parkea, Berakruz parkea, osasun etxea, liburutegia eta beste hainbat”.
Gaineratu dutenez, arnasguneez gain, beste hainbat egitasmo ere badituzte esku artean: “Hitzaldiak antolatu ditugu, tailerrak… Helburua mugikorren inguruko kontzientziazioa lantzea izan da beti, bai herrian, bai eskolan. Iaz, esaterako, LH 6. mailako umeekin egin genuen lanketa, eta helburua izan zen hurrengo urtean Markina-Xemeinera DBH ikastera joaten zirenean mobilik barik joatea, batez ere, smartphonik gabe. Eta lortu genuen: Etxebarriko 13 ume joan dira DBH1era mobil barik”. Aurrera begira ere hainbat egitasmo antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute etxebarritarrek. Gaur gaurkoz, gogorarazi dute Lea-Artibai Mankomunitateak hainbat hitzaldi antolatu dituela maiatzerako, mugikorren zentzuzko erabileraren inguruan.