Mutrikuk badauka Euskaraldirako hamaikakoa
Euskaraldian Mutrikuko enbaxadore izango diren hamaikakoaren aurkezpena egin zuten atzo [apirilak 31] Beheko Plazan.

Beheko Plazan elkartu ziren atzo [eguaztena] mutrikuarrak, Euskaraldiaren herriko enbaxadoreak ezagutzeko asmoz. Hori horrela, maiatzaren 15etik 25era hamaikakoa osatuko duten herritarren aurkezpena egin zuten. Oholtzara igo ziren denek konpromiso berdinari eutsiko diete Euskaraldian, eta ekimena amaitzean ere: Euskararen aldeko apustuan berrestea. “Mutrikun ahobizi eta belarriprest gisa ariko dira, eta konpromisoa hamaika egunetik haratago eramango dute”, adierazi dute udal ordezkariek.
Euskaraldiko herri batzordeko kide diren Esti Urizar eta Peru Vidalek aurkeztu zuten ekitaldia, eta enbaxadore bakoitzak euskararekin izan duen harremanaren inguruko laburpena egin zuten. Hala, banan-banan igo ziren oholtzara ordezkariak: Rosarito Rementeria, Jose Luis Aldasoro, Mari Campos, Oier Zearra, Itziar Egurbide ‘Txatia’, Bounama Diame, Malen Pazos, Roberto Peña, Lide Esnaola, Oaia Otaño eta Auro Ansorregi ‘Agerretxo’.
Euskaraldiaren herri batzordeko ordezkariek jakinarazi dutenez, 400 herritarrek eman dute izena egitasmoan. Hala ere, oraindik izenik eman ez duten herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte: “Horretarako, bi bide egongo dira. Batetik, euskaraldiaren webgunean eman daiteke izena, eta bestetik, asteburuan Beheko Plazan jarriko duten mahaian. Ostiraletan [maiatzak 2 eta 9], 19:00etatik 20:00etara, eta zapatu eta domekan [maiatzak 3,4,10 eta 11] 12:00etatik 14:00etara”.