Euskaraldian izena eman, txapa jantzi eta "jarrera aktiboa" izateko deia egin diete herritarrei
Euskaraldiko ekitaldia egin dute Lekeition, eta hasi dira lehenengo txapak banatzen. Ana Goitiaren gidaritzapean herritarrei aktiboki parte hartzeko deia egin diete Jon Kobeagak eta Joseba Palenzuelak, eskualdeko hainbat aurpegi ezagunekin batera. Izen ematea oraindik zabalik dagoela gogorarazi dute.

Atzera kontaketa hasi da; 10 egun baino ez dira geratzen aurtengo Euskaraldia hasteko. Jada euskal herritar ugarik izena eman duten arren, zabalik jarraitzen du oraindik epeak; Euskaraldiaren web orritik egin daiteke izen ematea. Izena emanda dutenentzat, ostera, hasi dira lehenengo txapak banatzen. Euskaraldiak, hain zuzen ere, joan den barikuan [maiatzak 2] Lekeition egin zuen ekitaldia, eta txapak banatzeaz gain, Euskaraldian “jarrera aktiboa” izateko deia egin zieten herritarrei.
Ana Goitiaren gidaritzapean elkartu ziren Jon Kobeaga eta Joseba Palenzuela; Kobeaga Lekeitioko Euskaraldiko batzodeko kidea izateaz gain, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea ere bada. Palenzuela, ostera, mutrikuarren ordezkaritza moduan joan zen, Mutrikuko Euskaraldi batzordeko kidea baita. Eurekin batera ekitaldian izan ziren eskualdeko hainbat aurpegi ezagun ere, kultur eragile, aktore, kirolari, kazetari nahiz herrigintzagaz konpromisoa dutenak.
Euskaraldia “indartsu” datorrela esanez hasi zuen ekitaldia Kobeagak. Tokian tokiko batzordeen lana azpimarratu nahi izan zuen lekeitiarrak: “Euskaraldia indartsu dator aurtengoan ere. Duela bi edizio pandemia betean egin guen Euskaraldia, eta hor nabaritu genuen beherakada, baina, aurten lortu dugu herriz herri ilusioa berreskuratzea, eta igartzen da nola batzordeek erantzun duten eta ilusio hori kontajiatu den. Ehundaka batzorde sortu dira eta jendea buru-belarri lanean dabil”.
Euskararen erabileran eragiteko “tresnarik indartsuena” Euskaraldia dela azpimarratu zuen Kobeagak: “Beharrezkoa da denok batera hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa hau egitea, denok batera lortuko baitugu euskararen egoera ere aldatzea”. Horretarako, euskal herritarrei “jarrera aktiboa” izateko eskatu zieten: “Jendarteari eskatu nahi dioguna da jarrera aktiboa izan dezatela, Euskaraldian izena emanez, batzordeetan eta ekitaldietan parte hartuz eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina eginez”. Izan ere, nabarmendu du horixe dela ariketaren helburua: “Heburua euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea da, eta horretarako ohitura zehatz batzuk hartzera gonbidatzen gaitu Euskaraldiak”.
Palenzuelak herri euskaldunetan ere Euskaraldiagaz bat egiteko beharra nabarmendu zuen: “Pensatu daiteke herri euskaldun batekoa izanagatik ez dela beharrezkoa Euskaraldia. Baina, gure herrietan ere, ingurune euskaldunetan ere, datuak ahultzen ari dira arrazoi askorengatik; arrazoietako bat ez dadila izan euskaldunok euskaraz egiten ez dugulako eta euskara ikasten ari direnei euskaraz aritzeko gonbidapena egiten ez diegulako. Gure herrietan ere konpromiso handia daukagu”.
Era berean, Kobeagaz bat egin, eta herri aktibazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Palenzuelak: “Euskaraldiak erakutsi digu euskararen aldeko jarrerak oraindik ere mugitzen gaituela, eta gure herrian aurreko edizioetan jende gutxiago batu bada, aurten 15 lagunetik gora ari gara taldean. Hori ikustea oso pozgarria da”.
Txapa jazteko deia. Goitia, Kobeaga nahiz Palenzuela, hirurak erabat ados agertu ziren txapak daukan garrantziagaz. “Euskaraldiko txapak konplizitatea ematen dizu, baina baita gogorarazi ere elkarrizketa euskaraz hasi eta jarraitzeko ariketa egiten ari zarela”, adierazi zuen Goitiak. Kobeagak adierazi zuen txapa dela ariketa egitea errazten duena: “Ez ahaztu txapa janzteak daukan indarra. Txapa da ariketa egitea errazten duena, konplizitatea sortzen duena, euskaraz aritzea kostatzen zaion horri estres linguistikoa kentzen laguntzen diona, eta guri euskaraz egitera bultzatzen gaituena”. Palenzuelak ere Ahobizi nahiz Belarriprest txapak jazteko deia egin zien herritarrei: “Txaparen balioa da gonbidapena egitea aurrean daukagunari, eta aurrean daukagunak ikustea solaskide bat topa dezakeela gugan: etorri niregana eta egidazu euskaraz”.









































