Ondarroa eta Isuntza, goiko postuetan Bizkaiko trainerillen ligan
Datorren zapatuan [maiatzak 10] eta domekan [maiatzak 11] Ondarroako uretan lehiatuko da Bizkaiko Trainerilaren ligako seigarren estropada.

Apirilaren 27an [zapatua] ekin zioten Bizkaiko trainerillek aurtengo ligari, eta pasa den astean 3, 4 eta 5. jardunaldiak lehiatu zituzten; maiatzaren 1ean [eguena] Mundakan, eta asteburuan Elantxoben. Lea-Artibaiko arraunlariek maila “ona” erakutsi zuten; izan ere, lehenengo postuetan gelditu ziren Ondarroa eta Isuntza zenbait kategoriatan.
Maiatzaren 1ean [eguena] Mundakan lehiatu zen ligako hirugarren estropadan goiko postuetan ibili ziren ondarrutarrak eta lekeitiarrak. Nagusien mailan, Ondarroako emakumezkoen taldeak lehenengo postua eskuratu zuten, lehenengo ziaboga 6 minutu eta 34 segundotan eginda, eta helmugara 12:37,88ko denboragaz iritsita. Bigarren postua Kaikurentzat izan zen, eta hirugarrena Deusto A taldearentzat. Kategoria honetan, Isuntzak ezin izan zion aurreko postuei eutsi, eta zortzigarren helmugaratu zen [15:56,29]. Gizonezkoetan, lehia estua egon zen Zierbena C eta Bermeo B taldeen artean; hala, azkenean 10:49,22ko denboragaz helmugaratu zen Zierbena, eta bigarren postuan gelditu ziren bermeotarrak, segundo bat beranduago sartuta. Zierbena B eta A izan ziren hirugarren eta laugarren sailkatuak eta bosgarren postua lortu zuen Isuntza C taldeak, 11:06,76ko denboragaz.
Gazteen mailan, lehenengo ziaboga 6 minutu eta 50 segundotan egin ondoren, lehen postua Ondarroako arraunlarientzat izan zen [13:07,97]. Bigarren postua Kaikuk eskuratu bazuen ere [13:23,91], hirugarren helmugaratu zen Isuntza, eta laugarren Mundaka [13:46,16].
Kadete mailan, emakumezkoetan garaipena eskuratu zuten lekeitiarrek, 6:07,46ko denboragaz, eta jarraian, 52 ehunen beranduago helmugaratu zen Ondarroa. Elantxobek laugarren postua lortu zuen [06:13,97], Portugaleteren atzetik, [06:29,65]. Gizonezkoetan, hirugarren postua Ondarroa Arraun Taldearentzat izan zen, 5:33,70ko denboragaz, lehenengotik (Deusto) hamar segundo eta 49 ehunenera, eta lekeitiarren laugarrena lortu zuten, ondarrutarrak baino bi segundo beranduago helmugaratuta. Bosgarren postua Mundakarentzat izan zen, 5:39,56ko denboragaz.
Maiatzaren 3an [zapatua] lehiatu zen laugarren estropada, Elantxoben. Nagusien mailan, Ondarroak aurreko estropadako postuari eutsiz lehenengoa eskuratu zuen berriro; lehenengo ziaboga 3 minutu eta 46 segundotan egin zuten; bigarrena, 8 minutu eta 8 segundotan; eta hirugarrena 12 minutu eta 17 segundotan. Hala, 16:43, 38ko denboragaz heldu ziren helmugara. Lekeitiarrak, berriz, laugarren helmugaratu ziren, 17:57,07ko denboragaz. Gizonezkoetan, Zierbena A taldeak lehen postua eskuratu bazuen ere, Isuntza C taldea atzetik ibili zitzaion, bigarren postua lortuz [14:26,10].
Gazteen kategorian Ondarroak berriro eutsi zion lehenengo postuari, lehenengo ziaboga 3 minutu eta 54 segundotan egin zuen; bigarrena, 8 minutu eta 15 segundotan; eta hirugarrena 12 minutu eta 31 segundotan. Hala, 17;04, 73ko denboragaz heldu zen helmugara. Nahiz eta lekeitiarrek lehenengo ziaboga ondarrutarren baino azkarrago egin, bigarrenean aurrea hartu zioten gorriek, eta Isuntza bigarren postuan gelditu zen, 17 minutu 13 segundo eta 80 ehuneneko denboragaz, bederatzi segundo eta 7 ehunen beranduago. Atzetik sartu zen Deustu, laugarren Kaiku, eta bosgarren Mundaka [18:26,83]. Gizonezkoen kategorian ere Ondarroa gailendu zen, 15 minutu 2 segundo eta 36 ehunenegaz. Hamalau segundotara helmugaratu zen Zierbena, ondoren, Itsasoko Ama, eta laugarren Isuntza [15:28,63].
Kadeteen kategorian, emakumezkoetan bigarren postua lekeitiarrentzat izan zen, Kaikuren atzetik lau segundotara, 08:55,52ko denboragaz, eta hirugarrena ondarrutarrek lortu zuten, 09:06,44ko denboragaz. Laugarrena Deustorentzat izan zen, bosgarrena Mundakarentzat [09:29,82], seigarrena Elantxoberentzat [09:34,71], eta zazpigarrena Portugaleterentzat.
Bosgarren jardunaldia ere Elantxoben lehiatu zen maiatzaren 4an [domeka]. Emakumezkoen nagusien kategorian Ondarroak ezin izan zion aurreko bi estropadetako postuari eutsi, eta Kaikuk eskuratu zuen lehenengoa [16:10,94]. Hala ere, 25 segundoko aldeagaz helmugaratu ziren ondarrutarrak [16:36,78], bigarren postua eskuratuz, eta minutu bat eta 11 segundo beranduago, lekeitiarrak [17:22,41], hirugarren postua lortuz. Gizonezkoetan, Bermeo B-k irabazi zuen estropada, 13:53,02ko denboragaz, eta segundo batera helmugaratu zen Zierbena A, bigarrena lortuz. Hirugarrena Zierbena B-k eskuratu ostean, Isuntza C izan zen laugarrena 14:18,10ko denboragaz.
Gazteen kategorian, emakumezkoetan, lekeitiarrek ondarrutarrei aurrea hartu ostean, Isuntzak bereganatu zuen lehen postua [16:42,03], eta sei segundotara helmugaratu ziren ondarrutarrak [16:48,90]. Hirugarren postua Kaikurentzat izan zen, laugarrena Deustok eskuratu zuen, eta bosgarrena Mundakak [18:03,78]. Gizonezkoetan ere, Isuntza {[15:00,09] Ondarroa baino azkarrago ibili zen, eta bi segundo eta 9 ehuneko aldeagaz helmugaratu zen, lehen postua lortuz. Atzetik jarraitu zion Ondarroak, bigarren postua eskuratuz [15:02,18]. Zierbena izan zen hirugarrena, Itsasoko Ama laugarrena, eta Elantxobe bosgarrena [15:47,85]. Mundaka azkenengo postuan gelditu zen, 16:14,81eko denboragaz.
Kadeteen kategorian, emakumezkoetan, lekeitiarrek goiko postuak eskuratu zituzten berriro. Nahiz eta Kaiku izan lehenengoa, atzetik jarraitu zion Isuntzak, eta bigarren postua eskuratu zuen, 08:22,98ko denboragaz. Hirugarrena Portugaleterentzat izan zen, laugarrena Ondarroarentzat [08:32,77], eta bosgarrena Elantxobek [08:34,33] eraman zuen. Deusto seigarren gelditu ostean, Mundakak zazpigarren postua eskuratu zuen [08:47,35]. Gizonezkoetan, atzeko postuetan gelditu ziren eskualdeko arraunlariak; izan ere, Isuntzak seigarrena [07:37,40] eskuratu zuen, eta Ondarroak zazpigarrena [07:43,46].
Bizkaiko Trainerillako ligako seigarren jardunaldia Ondarroan izango da; zapatuan [maiatzak 10] 16:00etatik aurrea sailkapen estropada lehiatuko dute, eta domekan [maiatzak 11] izango da finala, 10:30ean hasita. Zapatuko estropadak ligako puntuak hartzeko balioko du eta kategoria bakoitzeko lehenengo bostak domeka goizeko finalerako sailkatuko dira: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Beraz, domekan sei bandera egongo dira jokoan, kategoria bakoitzean bi: gizon eta emakume.