Ekoizle eta abeltzainek hartuko dute Markina-Xemeingo Zelaia zapatuan
Zapatuan [maiatzak 10] 10:00etatik aurrera Baserri Eguna ospatuko dute Markina-Xemeinen. Hamalu ekoizle eta iaz baino abeltzain gehiago egongo dira aurtengo azokan. Bildots errea saltzen 12:30ean hasiko dira.

Bertoko nahiz inguruko ekoizle eta abeltzainek hartuko dute Zelai ingurua zapatuan [maiatzak 10]. Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatuta, Baserri Eguna ospatuko dute markina-xemeindarrek; goiz guztian ez da egitekorik faltako herrian. 10:00etan zabalduko dute azoka, eta martxan egongo da 14:00ak arte.
Ekoizleen hamalau postu ipiniko dituzte, eta besteak beste, ogia eta gozoak, sagardoa eta txakoliña, ardoa, gazta eta esnekiak, eztia, ahatekiak, okela produktuak, gildak, berakatz beltza eta garagardoa eskainiko dituzte. Ekoizleen osagarri, bertoko abeltzainek animaliak eroango dituzte: “Iaz, abeltzainen eskari bati erantzunaz, lehenengoz ganaduak ere egon ziren Baserri Azokan; aurten atal horrek jarraitu egingo du. Iaz konforme geratu ziren, eta aurten ere egitea erabaki dugu”. Eta aurten, gainera, iaz baino ustiategi eta animalia gehiagok parte hartuko dute: bederatzi abeltzainek zaldiak, behorrak eta pottokak eroango dituzte, sei abeltzainek, ostera, ardiak eta ahuntzak eta hiruna abeltzainek, abelgorriak eta hegaztiak.
Azoka amaitu aurretik, gainera, urtero bezala, bildots errea salduko dute: “Betiko moduan, goizean hasiko dira prestatzen, baina 12:30etik aurrera hasiko dira saltzen”. Urteroko kopuruei jarraituz, aurten ere 1.000 pintxo inguru saltzea espero dute.
Bertokoa sustatuz. Bertoko ekoizle eta abeltzainei bultzada eman, eta helburu argi batekin antoltzen dute azoka: “Helburua da lehenengo sektoreari euren lehiakortasunean hobetzen laguntzea, aukera emanez salmenta zuzenerako eta salmenta zuzen hori bultzatuz”. Aldi berean, kontsumitzaileei ere aukera ugari eman nahi dizkiete: “Bertoko produktuak ezagutzeaz gain, ekoizleekin hartueman zuzena edukitzea bultzatu nahi dugu. Halako azoketan beti egoten da zuzeneko tratua, eta tratu pertsonalizatua gainera, kalitatezko produktuak saltzeagaz batera”.