Hezkuntza komunitatea kalera ateratzeko manifestazioak deitu dituzte
Maitzaren 12tik 16ra deituta duten greba zikloraren atarian, LAB, ELA, STEILAS eta CC.OO sindikatuek manifestazioak deitu dituzte zapaturako [maiatzak 10]. Bitartean, gaur arratsaldean [maiatzak 8] Hezkuntza Sailagaz bilduko dira "hitzetatik negoziazioetara" pasatzeko helburuagaz.
Hezkuntza publikoko irakasleen kolektiboan %90eko ordezkaritza duten STEILAS, LAB, ELA eta CC.OO sindikatuek deituta, urtarriletik apirilera bitartean bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek. Eusko Jaurlaritzaren proposamenek “ez diete erantzun egokirik ematen” irakasleek igorritako aldarriei, eta horregatik,sindikatuek bost eguneko greba ziklo berria deitu dute maiatzaren 12tik 16ra bitartean. Grebari babesa helarazi eta aldarrikapenekin bat egiten dutela erakusteko helburuagaz, sindikatuek manifestazio bateratuak deitu dituzte etzi [maiatzak 10], Bilbon, Donostian, eta Gasteizen. Manifestazioen atarian, gaur arratsaldean [maiatzak 8] berriro ere batzartuko dira sindikatuak Hezkuntza Sailagaz.
Lan-baldintza egokiak eta hezkuntza publikoa indartzea eskutik doazela azpimarratu dute STEILASetik, bata bestea gabe “ezinezkoa” dela nabarmentzeagaz batera. Horrez gain, Jaurlaritza irakasleen eskaerei erantzun beharrean “grebak desitxuratzeko saiakeran” dabilela salatu dute, horregatik “hezkuntza komunitatea elkartzeko unea iritsi dela” zehaztuta.
Hezkuntza publikoak “urgentziaz” behar duen inbertsioa gauzatu beharra dagoela nabarmendu du berriz LABek, irakasleen lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa herri honek dituen erronkei erantzungo dioten neurriez eta baliabideez hornitzeko; finean, Euskal Eskola Publikoa Komunitarioaren bidean urratsak emateko”.
Irakasleen gatazka konpontzeko badago ere, LABek “akordioa posible dela” uste du, baina “ezinbestekotzat” jotzen du baliabide gehiagarriak eta neurriak jasotzeaL “Beharrezkoak dira hezkuntza kalitatea hobetzeko eta eskola publikoa sistemaren ardatz izan dadin”.
3.000 sinaduratik gora.
Era berean, irakasleek igorritako mezua “argia” izanik ere, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Imanol Pradales Lehendakariak moemntuz egoerari behar bezala erantzun ez diotela aldarrikatu dute. Horregatik, manifestazioagaz bat egin eta “greba egunetan erakutsitako konpromiso eta indar berarekin” Jaurlaritzari “mezu argia” helarazteko deia egin dute LABetik.
Lau sindikatuek zapatuko manifestazioari atxikimendua emateko eskaera zabaldu dute, eta dagoeneko “3.000 lagunek baino gehiagok” sinatu dute manifestua. Atxikimendua helarazi dien eragileen artean dago, besteak beste, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea. Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Hezkuntza Sailak gatazkari konponbidea emateko garaia dela azpimarratu du, “ikastetxe publikoko irakasleen eskariei jaramon eginez, behingoz”.
Plataformatik “guztiz beharrezkotzat” jo dituzte manifestazioak, guraso eta herritarrek irakasleen borrokari babesa helarazteko “aukera paregabea” direlako. “Kalitatezko Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzen badugu, aldi berean ezinbestekoa da bertan jarduten duten langileon lan baldintza duinak eskatzea. Denok irtengo ginateke irabazle, batez ere ikasleak, gure haur eta gazteak”, zehaztu dute.
Negozioazio-mahaia.
Gaur arratsaldean bilduko dira berriz sindikatuak Hezkuntza Sailagaz gatazkari irtenbidea ematea helburu duen negoziazio-mahaian. Bileraren atarian, Jaurlaritzatik aurkeztuko duten proposamen berria ezagutu gabe jarraitzen dutela azpimarratu dute sindikatuek, deialdiaren berri prentsa bidez jakin zutela salatzeagaz batera.
Sindikatuek argi dute grebek izandako erantzunak, mobilizazio arrakastatsuek, greba deialdi berriek eta hezkuntza komunitateari luzatutako deialdian eragin dutela. Era berean, greba zikloietan langileek argi eta garbi adierazi dute hitzarmena “orain eta hemen” negoziatzeko beharra, eta sindikatuek Hezkuntza Sailagaz biltzeko prestutasuna agertu dutela nabarmendu dute. Horregatik, gaurkoan “hitzetatik negoziazioetara” pasatzea espero dute.