Iragana, oraina eta etorkizuna horma irudi bihurtuta
Ondarroako Kofradia berriko plazan arrantza eta itsas munduaren iragana, oraina eta etorkizuna islatzen duen horma irudia margozten dabil Murales Lian.

Ondarroako portuko sarrera arrantza eta itsas munduari buruzko horma irudi erraldoi batekin betetzen dabil Murales Lian artista. Bertan, Ondarroako errealitatea islatu eta itsas munduaren iragana, oraina eta etorkizuna erakutsi nahi ditu, denboraren ardatz bakoitza modu zehatz batean margotuz: “Zuri beltzean dauden elementuek iragana erakutsi nahi dute, kolorea eta zuri beltza nahasten direnetan oraina irudikatu nahi da, eta soilik kolorea dutenetan, etorkizuna”.
Duela bi urte jaso zuen Eusko Jaurlaritzatik proposamena, eta hasierako ideia hormaren zati bat margotzea bazen ere, azkenean, Kofradia berriko plazako horma guztia mural bihurtzen dabil: “Urtarrilean zirriborroa bidali ostean, zenbait xehetasun aldatzeko eskatu zidaten. Esaterako, arrasteko ontziaren beheko aldean atunak jarri nituen, eta hori ezinezkoa da. Kar-kar-kar”.
Artistaren ideia hiru denbora ardatzak islatzen zituen horma irudia egitea zen, collage bat bezalako zerbait: “Adibidez, aurreko aldean saregileak daude, zuri beltzean, eta horren atzean, pertsona arrazializatu bat patroi lanetan ari da, eta alboan, emakume bat makinista gisa. Guzti hori koloretan margotuta dago, etorkizuna adierazi nahi duelako”.
Apirilaren 1ean hasi zen margotzen, eta gutxi gorabehera, bi aste barru bukatuko duela jakinarazi du Murales Lianek: “360 metroko horma da, eta egunean 13 ordu inguru egiten ditut margotzen. Beraz, uste dut bi aste barrurako amaituta egongo dela”. Gainera, “pozik” agertu da herritarren erantzunarekin: “Ondarroako herritar guztiak pozik egotea ez da lan erraza, baina lan honekin uste dut lortu dudala, bertatik igarotzen diren guztiek zoriontzen bainaute, eta horrekin, pozik nago”.
Oraindik azkenengo xehetasunak gelditzen zaizkion arren, urrutitik ikusi daiteke plazaren alde batetik bestera arteko murala: “Oraindik egiteko dagoen arren, horma irudia batuko duen haria soka bat izango da. Alde batetik hasi eta mural guztia zeharkatuko du; margotuta dauden pertsonen atzetik eta poleatik igaro, ontzien artetik pasa, saregileen eskuetan egon, eta kaxa batean amaituko da”.
Felix Beristaini, omenaldia. Horma-irudiaren erdi-erdian ikusi daiteke Felix Beristain, zira horia soinean duela: “Familiari baimena eskatu eta baiezkoa eman ondoren, omenalditxo bat egiteko asmoz, bere irudia margotu dut. Izan ere, Beristainek, ondarrutarra izanda, Ondarroari eta portuari buruzko lan pila bat egin zituen, eta beste horrenbeste eman zizkion herriari. Hortaz, muralean bere erretratua egotea aproposa iruditu zitzaidan”. Horrez gain, argazkietan oinarritutako erretratuak ere egin ditu muralean: “Saregileen atala Sutargi Jatetxearen aurrean ateratako argazki baten erretratua da, eta atzeko eskuineko aldean dauden gizonen margolana ere argazkiren batetik atera dut”. Beraz, herritarrekin osatutako lana ere badela esan daiteke; izan ere, bertatik igarotzen diren herritarrek ezagutu egiten baitituzte horma irudian ageri diren pertsonak.
































