Markina-Xemeingo eta eskualdeko auzo eskolak, erakusketa batean bilduta
Bekobenta eskolaren 50. urteurrenaren ospakizunen baitan, 'Bizkaiko auzo eskolak: Markina-Xemeingo kasua' erakusketa zabaldu dute. Karmeldarren aretoan egongo da maiatzaren 18ra arte. Bihar [maiatzak 9] Joxe Garmendia Larrañagak hitzaldia emango du auzo eskolen inguruan.

Markina-Xemeingo Bekobenta eskola 50. urteurrenen ospakizunetan murgilduta dago. Ospakizunetan ez ezik, lana ere ugari ari dira egiten eskolako kideak. Gaur bertan [maiatzak 8] ipini dute ikusgai lan horietako baten emaitza: Bizkaiko auzo eskolak: Markina-Xemeingo kasua erakusketa zabaldu dute goizean, eta martxan egongo da maiatzaren 18ra arte, karmeldarren aretoan.
Eguenetan 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute erakusketa, eta barikuetan, ostera, 17:00etatik 20:00etara. Zapatuan nahiz domekan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da martxan. Hori gutxi balitz, bihar [maiatzak 9] Joxe Garmendia Larrañaga EHUko irakasle ohiak auzo eskolei buruzko hitzaldia emango du, 18:00etan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren auzo eskolen inguruko erakusketari gehitu dizkiete Markina-Xemeingo eta inguruko herrietako auzo eskolei buruzko informazioa. Gainera, auzo eskola baten erreprodukzioa ere egongo da: “Irakaslearen mahaia, arbela, mahai desberdinak, erabiltzen zuten materiala, orduko jolasak… denetarik ipini dugu erreprodukzioan. Mahaietako bat, esaterako Munitibarko eskola batekoa izandako mahaia da; beste bi, Barinagako eskolakoaren erreplika da”.
Erreprodukzioaren inguruan, aldiz, bertoko auzo eskolen inguruko informazioagaz sei panel ipini dituzte: “Hainbat pertsonen adierazpenak jaso ditugu, eta horiek agertzen dira paneletan, euren bizipenak. Gainera, adierazpen horiekin hiru orduko bideo bat egin dugu, eta erakusketan uneoro martxan egongo da, jendeak ikusi ahal izateko”. Era berean, hainbat argazki ere bildu dituzte erakusketan.
Era berean, Bekobentako ordezkariek azaldu dutenez, adierazpen horiek liburu batean ere jaso dituzte: “Bekobentaren 50. urteurrenerako Markina-Xemeinen hezkuntza publikoaren bilakaera jaso dugu liburu batean, 1852tik gaur egunera arte. Eta hor auzo eskolek garrantzia handia eduki zuten. Horregatik, pentsatu genuen BFAk erakusketa hori zeukanez, interesgarria izango litzatekeela horrekin bat egitea”. Aurreratu dutenez, liburuaren aurkezpena maiatzaren 30ean egingo dute, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Elkarlana. Bekobentako ordezkariek bereziki azpimarratu nahi izan dute bai erakusketa eta bai liburua aurrera ateratzeko eduki duten laguntza: “Guraso, irakasle ohi, irakasle eta abarren aldetik sekulako laguntza jaso dugu. Jendea oso prest egon da laguntzeko, eta goraipagarria da euren prestassuna. Txandak egin, elkarrizketak transkribatu, elkarrizketak egin… dena egin dugu elkarlanean, denok egindako lana da“.