Mutrikun izango da Gipuzkoako Trainerillen Ligako laugarren jardunaldia
Zapatuan [maiatzak 10] 16:00etatik aurrera Gipuzkoako trainerillen arteko lehia ikusteko aukera egongo da.
Gipuzkoako Trainerillen Ligako laugarren jardunaldia hartuko du Mutrikuk. Zapatuan 16:00etatik aurrera, Gipuzkoako trainerillen arteko lehia ikusteko aukera egongo da. Bi kaletan banatuta, erlojupeko estropada egingo dute gipuzkoarrek.
Mutrikuarrak emakumezko kadete eta gazteen mailetan ari dira lehiatzen, baina ez dute denboraldia nahi bezain ondo hasi. Kadeteei dagokioenez, lehenengo jardunaldian zazpigarren postuan amaitu zuten mutrikuarrek, Tolosaldearengandik (lehenengo sailkatua) 48 segundotara. Bigarren eta hirugarren jardunaldietan ere, postu bera lortu zuten; bigarrenean, Zumaiak 49 segundoko errenta atera zion Mutrikuri, eta hirugarrenean, Tolosaldeak ia 45 segundoko errenta. Gazteei dagokienez, ostera, bosgarren postuan amaitu dituzte jardunaldi guztiak.
Gainera, zapatuko laugarren eta azken jardunaldia erabakigarria izango da, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketara sailkatzeko; onenek bakarrik lortuko dute txartela. Aurtengo denboraldiarekin amaitzeko, domekan, 11:00etan, Pasai Donibanek hartuko du txapelketa