Ugaitz Alegria: "Zorionez, umea nintzela neuzkan ametsak betetzen nabil"
Bere bizitzako bide orria zein izango zen argi zeukan txikitatik Ugaitz Alegria Ituartek (Ondarroa, 1977). Bide horretan denetik egin duen arren, gaur gaurkoz antzerkigintzan, aktore edo zuzendari lanetan, aurkezle eta esatari gisa dabil. «Zorteduna» dela dio, umetako ametsa egi bihurtzen dabilelako.

Umetatik argi zeukan zer egin eta nor izan nahi zuen. Hortaz, institutuko ikasketak bukatu bezain laster, antzerkigintzaren mundua dastatu zuen Ugaitz Alegria Ituarte [Ondarroa, 1977] ondarrutarrak. Ordutik, mila proiektu desberdinetan ibili da, eta gaur egun, beste hainbeste ditu eskuartean.
Zure ibilbide profesionala nondik bideratu nahi zenuen argi zeneukan txikitatik.
Bai. Umea nintzela sortu zen EITB, eta ordutik banekien antzerkigintzan edota aurkezle lanetan ibili nahi nuela. Txikitatik izan dut horretarako grina. Zorionez, nahi nuen bide horretatik egin dut nire ibilbide profesionala. Gainera, nire sasoian ez zegoen Internetik, eta institutuko ikasketak burutzen nenbilela, orientatzaileen laguntzarekin bakoitzak nondik jo nahi zuen aukeratu behar genuenean, nik nahi nuenaren inguruko informaziorik ez zeukan inork. Beraz, sasoi hartan etxe guztietan zeuden telefono zerrendetan kuxkuxeatu, eta leku guztietara deitzen ibiltzen nintzen, antzerkigintzako ikasketak non egin ahal nituen ikertzeko. Leku batetik bestera bideratzen ninduten, eta beste horretatik hurrengo batera. Horrela egin nuen topo Donostiako antzerki eskolarekin.
Bertan dastatu zenuen, beraz, antzerkia lehen aldiz.
Modu profesionalean bai, baina hala ere, txikitatik ibili izan naiz saltsa guztietan. Gainera, Donostiako antzerki eskolan hasi nintzenean, goizetan marketineko ikasketak ere egiten nituen, eta arratsaldeetan antzerkira joaten nintzen. Izan ere, garai hartan ez zegoen antzerkiko titulu ofizialik, eta soldaduska sasoia zenez, bertara ez joateko, ikasketa ofizialetako egiaztagiria behar nuen. Beraz, ikasketa horietan matrikulatu nintzen soldaduskara ez joateko egiaztagiria izateko.
Eta zentzu horretan, antzerkiari lotutako titulazio ofizialik badaukazu?
Ez. Donostiako antzerki eskolan ibili ondoren, pila bat ikastaro egin nituen, eta antzerki musikalean ere espezializatu nintzen. Hala ere, ofizialtasunik daukan titulurik ez daukat; izan ere, Euskal Herrira beranduago heldu zen, eta ordurako nik nire ibilbide profesionala eginda neukan. Nire moduan, belaunaldi berdineko aktore askori gertatu zaie bera, eta gure garaian egin genituen ikasketak ez dituzte baliozkotzen gaur egungoekin.
Garaiak aldatu direla bistakoa da. Eskerrak, ezta?
Bai, eskerrak. Gaur egun antzerkigintzako titulu ofizialak daude. Hala ere, gureak ofizialak ez izan arren, pila bat ikasketa egin ditugu. Argi neukan zer egin nahi nuen, nahiz eta orientatzaileek hasieratik esan irteerarik ez zeukaten lanak zirela nire buruan zeudenak. Komunikazio ikasketak ere egin ditut, baita ere, magisteritza musikalekoak.
Hastapenetara joanez, zein izan zen lehenengo aldiz antzeztu zenuen pieza?
Antzerki eskolan genbiltzanean, gogoratzen dut hiru ikaskideren artean egin genuela lan bat. Usurbilgoa zen bat, eta bertako auzo bateko jaietan antzerki bat egiteko proposamena jaso genuen. Beraz, egun horretarako pieza sortu genuen, eta orduan antzeztu nuen lehenengo aldiz modu profesionalean publikoaren aurrean.
Gaur egun proiektu desberdinetan zabiltza.
Gaur egun, antzerki munduan, aktore edo zuzendari lanetan, aurkezle edota esatari bezala nabil. Gaztean eta Euskadi Irratian ere ibili naiz kolaboratzaile bezala, eta aktore gisa ere bai telesail desberdinetan, nahiz eta, gaur gaurkoz, gehien bat antzerkigintzan nabilen.
Jesus Guridiren Mari-Eli zarzuela interpretatu duzu Iñaki Maruri ondarrutarrarekin eta Mitxel Santamarina gernika-lumotarrarekin. Nolako harrera izan du?
Oso-oso ondo joan dira Mari-Eli zarzuelaren estreinaldiak. Azken momentura arte tentsioan egon gara, prozesua bera korapilatsua izan delako. Izan ere, ez genekien orkestrak aurrera egingo zuen edo ez, eta ondorioz, ez genekien emanaldiekin zer gertatuko zen. Hala ere, zorionez, dena ondo atera da, eta oso pozik gelditu gara. Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina eta hirurok interpretatu ditugun pertsonaiek ere oso ondo funtzionatu dute. Herritarrak ere egon dira, eta oso pozik gaude emaitzarekin.
Getari Etxegarairekin Destiny driver antzezlana ere aurkeztu duzue Pabellon 6eko Antzerki Arinen Jardunaldietan. Obrak zein ibilbide izatea gustatuko litzaizuke?
Getari Etxegaraik eta biok oso ondo pasatzen dugu oholtza gainean, eta piezak oso ondo funtzionatu du, jendeak barre asko egin baitu. Guk ere oso ondo pasatu dugu; beraz, emaitzarekin oso gustura eta oso pozik gaude. Domekan ospatuko dira sari banaketak, eta zortea badaukagu hobeto, baina bestela ere, bertan egote hutsarekin pozik gaude. Hori bai, emanaldiaren ostean, Galdakaotik eta Mungiatik bi herrietan antzezteko proposamena luzatu ziguten, eta espero dugu Lea-Artibain antzezteko aukera izatea, baita beste zenbait txokotan ere.
Zure ibilbide profesionalean begirada jarriz, ba al daukazu bereziki kutuna den proiekturik?
Egin ditudan lan guztiak dira kutunak, eta zaila egiten zait denetatik baten bat aukeratzea. Hala ere, badauzkat bi niretzat esanguratsuak eta oso bereziak izan direnak. Alde batetik, Brillantina bilbaina izeneko antzezlana esango nuke, nahiz eta bizitza laburra izan zuen. John Travolta interpretatu nuen nik, Greace bezalako pieza bat zen, baina Bilboko kaleetan zehar, eta 10-15 minutu inguru irauten zuena. Beste aldetik, nola aipatu gabe utzi Cabaret Chihuahua musikala. Baina esan bezala, egin ditudan lan guztiak dira bereziak niretzat, denak maite ditut, baita oholtzak partekatu ditudan lantaldeak ere. Bakoitza berezia da, lankidearekin gauza asko partekatzen dituzu: kontaktu zuzena, emozioak… Egia esan, oholtza partekatu dudan lantalde bakoitzarekin harreman estuak garatu ditut.
Zentzu horretan, zer eman dizu antzerkiak?
Zorteko sentitzen naiz, umetatik amestu nuen bidea egiten jarraitzen dudalako. Egia esan, betidanik borrokatu izan dut nire ametsak lortzeko, ze, azken finean, mundu honetan bizirautea ez da erraza, sakrifizio asko baitaude, pertsonalki zein profesionalki. Apustu oso gogorra da, eta bizirauteko denetik egin behar da. Hala ere, nik, nolabait, ikasi egin dut horrela bizitzen, bere alde positiboak eta negatiboak ditu, jakina, eta behin baino gehiagotan pentsatu izan dut amore ematea. Baina hemen jarraitzen dut, bidea egiten jarraitzeko gogotsu. Zorionez, umea nintzela neuzkan ametsak betetzen nabil.
Ba al dago egiteko daukazun zerbait?
Ikus-entzunezkoetan lan gehiago egitea gustatuko litzaidake. Ibili naiz telebistan aurkezle edo aktore lanetan, baina aukera gehiago edukitzea ondo egongo litzateke. Horretarako, EITBk ikus-entzunezko gehiago produzitu beharko lituzke, gaur egun, ez baitago helduei zuzendutako telesailik.
Antzerkigintzan hasi berri den norbaitentzat aholkurik?
Ez naiz ausartzen hemendik inori aholku bat ematera. Baina egia da, gustatzen zaidala aholku edo laguntza bila nigana etorri direnei esku bat luzatzea. Behin idatzi zidan ondarrutar batek Instagrametik, eta kalean ere gelditu nau antzerkigintzan sartu nahi duen bateren baten izebak. Horrelakoetan, nire esperientziatik dakidana kontatzen diet, ahal dudan neurrian laguntzeko. Horrez gain, antzerki munduan hasi berri den norbaitekin oholtza elkarbanatzen dudanean ere, zerbait behar duen galdetzen diot beti, segurtasuna eman nahian edo. Hala ere, lehenengo norbere buruari eman behar zaio segurtasuna, ez baita erraza kamera aurrean egotea, atzean mila pertsona daudela jakinda. Zaurgarritasuna bistakoa den momentuetan, elkarri babesa ematea ezinbestekoa da.