40.000 euroko hamar sari, Lekeitiora
Onceren Kuponazoaren zozketak guztira 400.000 euro banatu ditu Lekeition. Pedro Iglesias saltzaileak "eguneroko bezeroei" saldu dizkie kupoi sarituak.

Zorteko daude lekeitiarrak, eta batez ere, Pedro Iglesias kupoi saltzailearengana joaten direnak. Joan den barikuan [maiatzak 9] Onceren Kuponazoaren zozketagaz 400.000 euro banatu zituen Iglesiasek Lekeition, 40.000 euroko hamar kupoiri esker. Lekeition “sari garrantzitsu bat” ematen duen seigarren aldia da Iglesiasentzat, eta pozez hartu zuen barikukoa, eguneroko bezeroei saldutakoa baita: “20 urtez 3.000 euroko ordainsaria eta 140.000 edo 300.000 eurorainoko hainbat sari banatu ditut. Bariku gauean konturatu nintzen sariaz, eta uste dut sorpresa bat baino gehiago izango dela, kupoi sarituak eguneroko bezeroei saldu baitizkiet”.