Auzo eskolen inguruko erakusketak "jende asko" erakarri du asteburuan
Bekobenta eskolak 'Bizkaiko auzo eskolak: Markina-Xemeingo kasua' erakusketa ipini du martxan, eta hitzaldi nahiz erakusketara "jende asko" joan da. Eguenetik domekara [maiatzaren 15etik 18ra] berriro ikusgai egongo da erakusketa.

Bizkaiko auzo eskolen inguruko erakusketa zabaldu zuen joan den eguenean [maiatzak 8] Markina-Xemeingo Bekobenta eskolak, haren 50. urteurrenaren harira, eta lehenengo asteburuak izan duen erantzunarekin pozik geratu dira antolatzaileak: “Barikuan Joxe Garmendia EHUko irakasle ohiaren hitzaldia eduki genuen, eta 24 lagun inguru etorri ziren; ondo egon zen. Jendea egunero egon da, baina zapatuan [maiatzak 10], batez ere, jende asko etorri zen; goizean 40 inguru etorri ziren eta arratsaldean ere bai”.
Ikustera joan direnek, gainera, gustura ikusi dute erakusketa: “Jendea oso gustura ibili da, eta oso polita dela esan digute; asko gutatu zaie. Gainera, jende asko eseri eta elkarrizketen bideoa ikusten geratu da, batez ere, jende nagusia. Denbora pasa dute bertan, eta beraz, gustora”.
Hainbat ikaslek ere erakusketa bisitatuko dute asteon, eta eguenetik domekara nahi dutenentzat zabalik egongo da: “Herritar nahiz ingurukoak etortzera animatu nahi ditugu. Oso interesgarria da erakusketa, eta argazki zahar batzuk ere badaude jendeak oso ondo baloratu dituenak”. Hala, eguenean [maiatzak 15] 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute erakusketa, eta barikuan [maiatzak 16], ostera, 17:00etatik 20:00etara. Zapatu [maiatzak 17] nahiz domekan [maiatzak 18], 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da martxan.