Gaztedi A, Berriatuan garaile
Gaztedi A taldeak Berriatuak hartu duen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldia irabazi du, gizonezkoen 680 kiloko kanporaketa.

Domekan [maiatzak 11] abiatu zuten Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa. Berriatuak hartu zuen estreinako jardunaldia, gizonezkoen 680 kilogramoko kanporaketa. Talderik puntakoenek parte hartu zuten lehen saioan, eta Gaztedi A izan zen garailea. Goiherri izan zen bigarren sailkatua, Mutriku Sokatira Taldearen aurretik. Jarraian, Akelarrek eta Gaztediren B taldeak osatu zuten sailkapena.
Irabazleak bost puntu eskuratu zituen; Goiherrik, lau puntu; mutrikuarrek, hiru; Akelarrek, puntu bi; azkenik, Gaztedi Bk, puntu bakarra. Gizonezkoen 680 kiloko hurrengo jardunaldia kategoria horretako finala izango da. Datorren zapatuan [maiatzak 17] lehiatuko dute, Deban. Hilaren 24an, ostera, Ondarroak gizonezkoen 640 kiloko lehendabiziko jardunaldia hartuko du; pisu horretako bigarren kanporaketa maiatzaren 31n lehiatuko dute, Azkoitian; finala, aldiz, ekainaren 7an jokatuko dute, Mungian.
Ekainaren 14an, Martiartu San Antonioko zelaiguneak hitzordu bikoitza hartuko du: batetik, gizonezkoen 600 kiloko tiraketa; bestetik, emakumezkoen 540 kilokoa. Ekainaren 28an, bigarren jardunaldia Mutrikun jokatuko dute bi pisuotan. Finalak uztailaren 5ean egingo dituzte, baina plaza ez dute iragarri oraindik.
Uztailaren 12an, gizonezkoen 560 kilokoa eta emakumezkoen 500 kilokoa abiatuko dituzte, Goiherri San Kristobalen. Bigarren jardunaldia uztailaren 19an lehiatuko dute , eta finalak, ordea uztailaren 27an; jardunaldi bi horien kokalekuak ez dituzte iragarri. Horrez gain, uztailaren 25ean, mistoen finala ere jokatuko dute, 580 kiloko kategorian; final hori non egingo duten ere ez aute aurreratu.