Isuntzak bandera bi lortu ditu Bizkaiko Txapelketan
Ondarroak Bizkaiko Trainerilla Txapelketa hartu du asteburuan. Isuntzak garaipen bana lortu du emakumezkoen kadete eta gazte mailan.

Ondarroan lehiatu zuten atzo [maiatzak 11] Bizkaiko Trainerilla Txapelketan. Isuntzak garaipen bikoitza eskuratu zuen, emakumezkoen kadete nahiz gazte mailetako estropadetan. Egun handia izan zen lekeitiar klubarentzat, bi probetan bederatzi segundoko aldea urratu baitzuten bigarren sailkatuarekiko: kadete mailan, 08.36,44ko denborarekin gailendu ziren; gazte kategorian, 17.19,40koarekin.
Ondarroak maila erregularra plazaratu zuen hainbat probatan. Emakumezkoen gazte mailan hirugarrenak izan ziren (17.29,22), eta emakumezko kadeteek, ostera, postu berean amaitu zuten estropada (09.10,14). Busturialdeko klubek ere parte hartu zuten proba horietan. Mundaka laugarren (18.31,91) eta zazpigarren (09.27,29) sailkatu zen, hurrenez hurren, emakumezkoen gazte eta kadete mailan; azken proba horretan, bestalde, Busturialdea bosgarrena (09.24,34) izan zen.
Gizonezkoen absolutu mailan, Bermeokoa izan zen Zierbena garailearengana hurreratu ahal izan zen trainerilla bakarra. Bermeotarrak bigarren (14.05,19) izan ziren; Ondarroa sailkatu zen ondoren (14.16,47), eta Isuntza jarraian (14.24,15). Absolutu mailan, emakumezkoen lehian, Ondarroa bigarrena (17.15,78) izan zen.
Gizonezko kadete eta gazte mailan ere egon zen borroka esturik. Izan ere, absolutu mailan Bermeorekin gertatu legez, Zierbenak aurrea hartu zion Ondarroari (15.14,64). Isuntza podiumaren atarian geratu zen estropada hartan, laugarren (15.22,01). Kadeteei dagokienez, Mundakak hirugarren postuan burutu zituen lanak (07.58,74); Isuntza eta Ondarroa sailkapeneko bosgarrena (08.09,32) eta zazpigarrena (08.14,25) izan ziren.
Mutriku, hirugarren.
Bizkaiko txapelketaz gain, Pasai Donibanen Gipuzkoako lehia jokatu zen domekan. Bertan, Mutrikuk hirugarren postua poltsikoratu zuen, Hernani eta San Pedroren ostean, emakumezko kadete mailako Federazio Sarian; mutrikuarrek 09.01,29ko denbora behar izan zuten, estropada osatzeko.