500 kilo arroz batu ditu Ondarroako Danon Artin Elkarteak
Zapatuan [maiatzak 10] ospatu zuen Danon Artin Elkarteak Arroz jaia, 'Danon Ondarru!' sentsibilizazio kanpainaren barnean.

Ondarroako Udalak eta ongizate batzordea osatzen duten herriko eragileek Danon Ondarru! kanpaina jarri zuten martxan maiatzaren 7an. Honen harira, Danon Artin Elkarteak Arroz jai solidarioa ospatu zuen zapatuan [maiatzak 10], taldearen jarduna ikusarazi eta konpromiso soziala jai girora eramateko helburuagaz. Alamedan jarri zuten gunea, eta arroza batzen egon ziren goiz osoan. “Gutxi gorabehera, 500 kilo arroz batu genituen; hortaz, elkartetik egunaren balorazio positiboa egiten dugu. Gainera, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleak, eta Ondarroa BHI institutukoak etorri ziren esku bat botatzera, eta hori, beti da positiboa”.
Ikastetxeek ere arroza batu zuten aurreko asteetan, eta bertara bideratu zuten jasotakoa. Arroza batzeaz gain, paella ere prestatu zuten elkarteko kideek, boluntarioen laguntzagaz: “200 lagun ingururi banatu genien paella, eta nahiz eta eguraldiak ez zuen hainbeste lagundu, giro ona egon zen”. Gainea, Zubi Zahar Herri Ikastolako seigarren mailako ikasleek 600 euroko txekea eman zioten elkarteari, eta Ondarroa BHI institutuko ikasleak olio bilketako kanpainan dabiltza, jasotakoa elkarteari emateko.
Danon Artin Elkarteak egunean bertan eta baita aurreko asteetan ere lagundu dien ikastetxeen lana eskertu nahi izan du: “Berriatuko Eskola, Ondarroako Zaldupe Eskola, Institutua eta Zubi Zahar Herri Ikastolari eskerrak eman nahi dizkiegu, baita egunean bertan eskua bota ziguten boluntarioei ere”.