Argazki ikastaroa egingo du Beti Jai elkarteak
Bi orduko lau saio izango dira guztira; lehenengoa maiatzaren 19an izango da.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak argazki ikastaroa antolatu du. Lau hitzordu ipini dituzte eta lehenengoa datorren astelehenean [maiatzak 19] izango da. Bigarren saioa, ostera, aste bereko eguaztenean egingo dute [maiatzak 21]. Azken bi saioak maiatzaren 26an eta 28an egingo dituzte.
M. Carmen Moreno izango da irakaslea, eta 16:00etatik 18:00etara hainbat ariketa egingo dituzte, besteak beste, mobilarekin argazkiak egin, artxibatu eta deskargatzen ikasiko dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, edonork eman dezake izena; bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute, eta ez bazkideek, 16 euro. Izen ematea eta ordainketa lehen egunean egin beharko dela azaldu dute, Beti Jain. Era berean, taldea sortzeko gutxienez hamar pertsonak eman beharko dute izena.