Gustu guztiak asetzeko kontzertuak egongo dira Karmen jaietan
Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak Karmen jaietako kontzertuak aurkeztu dituzte. Besteak beste, J Martina, Xiberoots, Süne eta Asgarth egongo dira.

Bi hilabete baino ez dira geratzen aurtengo Karmen jaietarako. Prestaketekin hasita daude jada Markina-Xemeingo Udala nahiz herriko talde ugari, eta egindako lana hasi da jada fruituak ematen. Udala eta jai batzordea elkarlanean ari dira lanean, eta “askotariko ekintzen” artean, musika ere ez da faltako jaietan.
Gustu guztiak asetzeko kontzertuak egongo dira beste behin ere, izan ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, publiko guztia aintzat hartzen saiatu dira. Hori horrela, ume, gazte, heldu nahiz nagusiek edukiko dute zer aukeratua.
Egun garrantzitsuetako bat uztailaren 11 izango da. Kuadrilen bizikleta kalejirarekin batera, Zutik Elektrotxarangak girotuko du eguna. Ostean, hiru talde igoko dira oholtzara: J Martina, Xiberoots eta Maruxak. “Indartsuak eta alternatiboak” dira lehenengo eguneko kontzertuak: “Talde bereziak dia, denak ere jai batzordean eskatutakoak. Lehenengo egunekoak bezala, gainontzeko talde guztiak ere jai batzordean erabaki ditugu”.
Uztailaren 12a ere ez da atzean geratuko. Kuadrilen eguneko bazkalostean ohiko elektrotxaranga egongo da herriko kaleetan zehar; aurtengoan GOTx elektrotxarangaren txanda izango da. Aldi berean, guraso elkartetik jasotako eskaera bati erantzuten saiatu dira: “Herri Txowaren ostean egongo da elektrotxaranga, baina haien atzetik joaten ez direnentzat beste zerbait eskatu zuten guraso elkartetik, ume, gaztetxo eta gurasoentzat. Hori horrela, Mugi Panderoak erromeria eskainiko du bazkalostean. Azken hiru urteetan ez da egin, eta aurten berriro berreskuratu egin dugu”. Eguna goi-goitik amaitzeko, Süneren txanda izango da.
Uztailaren 13an, ostera, Los Tenampas mariatxien txanda izango da: “Iaz ez zen egon, baina aurten ekarri egin nahi izan ditugu. Denen gustuak asetzen ahalegindu da jai batzordea, eta horregatik ekarri ditugu mariatxiak, beste publiko bat duelako”. Uztailaren 14an, ostera, ume eta gaztetxoak izango dira protagonistak, eta eurentzako saio “berezi” bat egongo da, Esna Gazte taldeagaz.
Uztailaren 15ean aldiz, txosnagunean izango dira kontzertuak. Aurreratu dutenez, EinGo taldeak girotuko du arratsaldea, herriko kaleak zeharkatuz. Gauean, ostera, Asgarth, Altxa Porru erromeria eta DJ Zatzaz egongo dira.
Jaiak goi-goitik amaitzeko, Karmen Egunean iazko kontzertu bat errepikatuko dute: “Iaz ere egon ziren, eta sekulako banda dira. Euskadi Brass banda etorriko da”.
- Uztailak 11, barikua.
-
Zutik Elektrotxaranga, J. Martina, Xiberrots eta Maruxak
-
- Uztailak 12, zapatua.
-
GOTx Elektrotxaranga, Mugi panderoa eta Süne
-
- Uztailak 13, domeka.
- Los Tenampas
- Uztailak 15, martitzena.
- Asgarth, Altxa Porru erromeria eta DJ Zatzaz. Denak txosnagunean.
- Uztailak 16.
- Euskadi Brass, Plazabarripean.