Ondarroako Gaztetxearen 13+22. urteurrena ospatuko dute maiatzean
Barikuan [maiatzak 9] gauzatu zuten lehen ekintza, eta aurten, berritasun bezala, mendi irteera egingo dute Aizkorrira, Aurrera Mendi Taldeagaz.

Azken urteetako formatua mantenduz, maiatza osoko egitarauagaz dator Ondarroako Gaztetxearen 13+22. urteurrena. Joan den barikuan [maiatzak 9] eman zioten hasiera Gazte Asanbladak hilabete osorako antolatutako egitarauari, Berriatuko jaietara joateko antolatu zuten karropoteoarekin. “Hilabete osoko egitaraua antolatu dugu gaztetxeko urteurrena ospatzeko. Hala, astebururo ekimenen bat egongo da”.
Berriatuko jaietara joateko antolatutako karropoteoa “arrakastatsua” izan zela azpimarratu dute Gazte Asanbladako kideek: “Urtero, Berriatuko jaietako barikuan karropoteoa antolatzen dugu, aisialdirako momentua eskaintzeko helburuagaz. Ondarroatik Berriatuara oinez joaten gara, musika lagun dugun bitartean. Denok buruan daukagun data izanik, normalean, arrakastatsua izaten da. Egia da, aurten, eguraldiak ez duela asko lagundu, eta irteera ordua atzeratu behar izan dugula, baina hala ere, 20 lagunetik gora batu gara; beraz, balorazioa positiboa da”.
Barikuan [maiatzak 16] okupazioari eta honen kontrako ofentsibari buruzko hitzaldia egongo da gaztetxean, 18:00etan, gazte asanbladako kideen eskutik: “Okupazioari buruzko hitzaldia emango dugu, problematika geroz eta handiagoa delako, eta kontzientziak piztu nahi ditugulako”. Zapatuan [maiatzak 17], Antxoa Eguna dela aprobetxatuta, gaztetxea irekiko dutela jakinarazi dute.
Maiatzaren 24rako [zapatua], Betepaeta kolektiboarekin elkarlanean, kontzertuak antolatu dituzte, 22:00etatik aurrera. “Kode, Loraze eta Juseff igoko dira oholtzara, eta sarrera doan izango da. Normalean, Betepaetak musika taldeen kontzertuak antolatzen ditu, baina gaztetxearen urteurrena dela kontuan izanda, herriko jendea ere gonbidatu nahi genuen oholtzara. Beraz, DJ Juseff egongo da musika jartzen gauaren amaieran”.
Maiatzaren 31n emango diote amaiera urteurrenari, eta gainera, aurten, ekimen “berezia” antolatu dute honetarako; mendi irteera egingo dute Aizkorrira, Aurrera Mendi Taldeagaz: “Modu berezi eta zabal batean eman nahi genion amaiera urteurrenari, eta zer egin genezaken pentsatzen egon ondoren, Aurrera Mendi Taldearekin elkarlanean mendi irteera antolatu genezakeela pentsatu genuen. Taldeak ondo hartu zuen proposamena; beraz, horrela amaituko dugu hilabetea”. Mendi irteerara joateko interesa duenak Anaitasuna tabernan edo sare sozialen bidez zabaldutako galdetegian eman beharko du izena, maiatzaren amaierarako.