2025eko Peru Abarka album lehiaketako idazleen saria eman gabe geratuko da
Aurtengo saria eman barik geratu den arren, datorren urtean ere lehiaketa antolatzeko asmoa erakutsi dute Markina-Xemeingo Udalak eta Erein Argitaletxeak. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete lehiaketara aurkeztu diren hamalu narrazioei.
Markina-Xemeingo Udalak eta Erein argitaletxeak elkarlanean antolatzen dute urtero Peru Abarka helduentzako album lehiaketa. Aurtengo edizioak, ostera ez du saridunik edukiko. Hala erabaki dute lehiaketako epaile diren Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak, Ainhoa Aldazabal literatura kritikari eta literatura taldeen dinamizatzaileak eta Mari Eli Ituarte itzultzaile eta literatura irakasleak.
Udalak azaldu duenez, aurten “ahalegin berezia” egin dute sari ekonomikoa igotzeko. Hori horrela, 2.500 euroko saria zen idazlearentzat, eta beste 2.500 eurokoa, ilustratzailearentzat. Saria eman barik geratu den arren, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete 2025eko edizioan euren lanak aurkeztu dituzten hamalau narrazioen egileei.
Gogorarazi dute lehiaketak “ibilbide luzea” duela euskaraz sortutako album lehiaketen munduan: “Horren adibide dira azken 18 urteotan argitara emandako lanak, eta uzta ederra lortu dugulakoan gaude, anitzak eta kalitatezkoak baitira urte horietan guztietan publikatutako album ilustratuak”. Halaber, eta Euskal Herrian helduentzako egiten den mota horretako bi lehiaketetako bat izanik, aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi dute: “Berretsi nahi dugu aurtengo edizio honetan saria eman gabe geratu den arren, bi eragileok hurrengo edizio baterako gogotsu jarraitzen dugula, helduentzako album ilustratuen esparru txii honetan gure aletxoa jartzen jarraitu nahi dugulako”.