Arrigorri hondartzako gordailuan materiala uzteko lehentasunak zehaztu ditu Ondarroako Udalak
Hondartzako gordailuan materiala uzteko lehentasuna izango dute 70 urte edo gehiagoko edota aniztasun funtzionala duten herritarrek.
Urteo legez, Arrigorri hondartzako gordailuan materiala uzteko epea zabaldu du Ondarroako Udalak. Hala ere, lehentasunak zehaztu ditu eta 70 urte edo gehiagoko eta aniztasun funtzionala duten ondarrutarrak izango dira gordailuan materiala uzten lehenak. Maiatzaren 29 [eguena], 30 [barikua] eta 31n [zapatua], 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da hondartzako materiala uzteko aukera.
Hala, pertsona bakoitzak bere Nortasun Agiria aurkeztu beharko du, eta pertsonako gehienez, aulki edo etzaulki eta eguzkitako bat utzi ahalko dira. Gainera, ezingo da beste norbaiten izenean ezer gorde, eta ordainketa unean bertan egin beharko da, baita materiala utzi ere. Maiatzeko epea amaitutakoan jakinaraziko da gainerako herritarrek noiz utzi ahalko duten materiala.
Tarifei dagokienez, gordetako material bakoitzak prezio jakin bat izango du; etzaulkiak 60 euro; aulkiak 50 euro; eguzkitakoak 45 euro; eta umeen jolasak 18 euro.