Dena prest euskara pizteko ariketari ekiteko
Bihar hasiko da Euskaraldia, eta hamaika ekitaldik mugituko dute euskara sustatzeko ariketa soziala: denetariko ekintzak antolatu dira Lea-Artibaiko udalerrietan eta Mutrikun.

Euskaraldia hastear da. Euskal Herri osoan eragiteko sortutako mugimendu sozialak bihar ekingo dio bere laugarren aldiari, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Hala, bihar hasi eta 11 egunez praktika sozial masibo batean murgilduko dira euskal herritarrak, modu kolektibo batean eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz. Euskal Herrian zehar hamaika ekitaldi eta ekintza antolatu dira euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzeko, tartean Lea-Artibaiko udalerrietan eta Mutrikun.
Biharko prestatu dute Euskaraldiko hasiera ekitaldia, besteak beste, Mutrikun: mutrikuarrak elkarretaratzean bilduko dira, Goiko Plazan, ariketa kolektiboari hasiera emateko asmoz. Beste zenbait udalerritan ere Euskaraldia aitzaki, hamaika ekintzatan batuko dira herritarrak. Mendexan, esaterako, pote musikatuan batuko dira bihar, Euskaraldiarekin bat egin duten ehundik gora herritar.
Asteburua baliatuko dute hizkuntza praktikak aktibatzeko, besteak beste Aulestin eta Ziortza-Bolibarren ere: lehenengoek domekarako Hikadromoa prestatu dute, herritarrei jai giroan hika erabiltzeko arauak azaltzeko. Ziortza-bolibartarrek bertso doinu artean hartuko dute Euskaraldia, Itsu Koplak ekimenean bilduko baitira Simon Bolivar Museoan, Josune Aramendi eta Unai Iturriaga bertsolarien inprobisazioez gozatzeko.
Bihar hasi eta maiatzaren 25era arte iraungo du Euskaraldiak, eta 11 egunetan zehar banatuko dira denetariko ekintza eta hitzaldiak ere. Berriatuan Kitxua, hizkuntza biziberritze plana hitzaldian bilduko dira, maiatzaren 23an. Ibilaldiak eta antzezlanak ere ez dira faltako: munitibartarrek, esaterako, Marraixora ibilaldia egingo baitute. Euskaraldiaren azken egunean antzezlanak izango dira protagonista: Markina-Xemeinen Euskaldungak antzezlanak hartuko du Uhagon, Tautelak antzerki taldearen eskutik.
Hala, elkar mugituz aldaketa posiblea dela iritzita, euskararen alde egingo dute Euskaraldian.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
AULESTI
- Maiatzak 18, domeka.
- 12:30. Hikadromoa, Aulestiko plazan.
BERRIATUA
- Bihar.
- Arratsaldean zehar. Euskaraldiko txapen banaketa.
- Maiatzak 17, zapatua.
- 16:00. Argazki herrikoia, Mendibarrenen.
- Maiatzak 23, barikua.
- 18:00. Garabide elkartearen eskutik, Kitxua, hizkuntza biziberritze plana hitzaldia, bideo gelan.
LEKEITIO
- Gaur.
- 12:00. Kike Amonarrizen hitzaldia, kultur etxeko Azkue aretoan.
- Bihar.
- 20:00. Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, Nautika aurrean.
- Ondoren, kantupoteoa, Zaletxuen eskutik.
MARKINA-XEMEIN
- Maiatzak 25, domeka.
- 19:00. Euskaldungak antzerzlanaz gozatzeko aukera, Uhagon kulturgunean, doan, Tautelak antzerki taldearen eskutik.
MENDEXA
- Bihar.
- 19:00. Pintxo pote musikatua eta txapa banaketa.
MUNITIBAR
- Etzi.
- 20:00. Irakurketa eta zuzeneko musika, plazan.
- Maiatzak 24, zapatua.
- 11:00. Marraixora ibilaldia egingo dute, herriko plazan hasita.
- Ostean, kopaua.
MUTRIKU
- Bihar.
- 19:00. Euskaraldiaren hasierako elkarretaratzea, Goiko plazan.
ZIORTZA-BOLIBAR
- Maiatzak 18, domeka.
- 12:30. Itsu Koplak, Josune Aramendi eta Unai Iturriaga bertsolariekin, Simon Bolivar Museoan.