Euskadiko Txapelketa Ondarroan erabakiko da

Ondarroako badian lehiatuko dute, domeka honetan [maiatzak 18], Euskadiko Trainerilla Txapelketa. Ondarroa Arraun Elkartean antolatuta eta 24. Antxoa Egunaren ospakizun egitarauaren barruan kokatuta, gizonezkoen nahiz emakumezkoen denetariko kategorietako estropadak lehiatuko dituzte, goizetik hasita.
Lehian bete-betean murgilduta egongo da etxeko taldea, Ondarroa AE, baina ez da eskualdeko bakarra izango. Hain zuzen, iragan asteburuan Ondarroan bertan lehiaturiko Bizkaiko Trainerilla Txapelketan maila handian aritu eta bandera bi poltsikoraturiko Isuntza Arraun Elkartea ere parte hartzaileen artean egongo da; lekeitiar kluba nagusi izan zen hala emakumezko gazteen kategorian, nola emakumezko kadete mailan.
Domekako lehiakideen artean egongo da, era berean, Mutriku Arraun Taldea. Mutrikuarrak Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan ibili ziren joan den asteburuan, Pasai Donibanen, eta emakumezkoen kadete mailako Federazio Sarian hirugarren postua eskuratu ahal izan zuten, Hernaniren eta San Pedroren ondoren helmugaratuta.
Halaber, Busturialdeko ordezkaritza zabala egongo da, Busturialdea edota Mundaka Arraun Taldeagaz. Gizonezkoen absolutu mailan, Bizkaiko Txapelketa ozta-ozta galdutako Bermeo ariko da; bermeotarrek Zierbena eduki zuten aurretik iragan asteburuko lurraldeko txapelketan. Hala, hautagai nagusienetako bat izango dira, Euskadiko Txapelketako bandera altxatze aldera.