Turrun hotsarekin batera 24. Antxoa Eguna ospatuko dute Ondarroan, zapatuan
Ondarroako Udalak eta herriko taldeek elkarlanean, egitarau "zabala" antolatu dute 24. Antxoa Egunerako [maiatzak 17]. Gutxi gorabehera, 400 kilo antxoa banatuko dituzte. Arantza Burgoa Agirregomezkortak jasoko du aurtengo Zilarrezko Antxoa saria.

Antxoa usainak hartuko du zapatuan [maiatzak 17] Ondarroa. Hiru turrun hots entzun bezain laster emango diote ondarrutarrek hasiera Antxoa Egunari, 11:30ean. Ondarroako Udalak eta udalerriko talde ezberdinek egitarau “borobila” antolatu dute zapaturako, eta jakinarazi dutenez, 400 kilo antxoa inguru banatuko dituzte. “Kalean egoteko eta ondo pasatzeko” egun bezala definitu du Antxoa Eguna Ion Iñaki Artetxe Egaña Ondarroako Udaleko kultur zinegotziak.
Aurten, gainera, hamalau taldek beteko dituzte Alde Zaharreko postuak, eta eguerdira arte antxoa pintxoak saltzen egongo dira, euro baten truke: “Artibai Judo Taldea, Aurrera Txirrindu Kluba, Danak Etxea, Kantaize, Tupay Peruko Elkartea, Txirrimorraski, Karenka, Yaalah Elkartea, Arnasa, Honda Ahua eta Galiziar Etxea izango dira postuetan egongo diren taldeak”. Horrez gain, Arraun Elkarteak kontserbak salduko ditu bertan. “Pintxo horiek egiteko ezinbestekoa da beste urte betez herriko elkarte gastronomikoen laguntza: Galiziar Etxea, Gau Hontza, Pixape, Arranondo, Gamarra Ostalaritza Eskola, Tupay eta Txitxinpotxin”. Udaletik azpimarratu dute, aurten, urtero legez, Arranondok Kofradia Zaharraren aurrean egingo dituela pintxoak, eta Tupay Elkarteak Peruko produktuekin egindako pintxo berezia prestatuko duela.
Goizean, Unanue Musika Eskolako rock konboaren kontzertua egongo da Zubi Berrian, eta trikitilari, pandero eta akordeoi jotzaileak ere jai eremua alaitzen ibiliko dira. 11:30etik 13:30era Gamarra Ostalaritza Eskolak Umeak kozinatzen tailerra eskainiko du: “Umeak arraina jatera bultzatu, sukaldatu eta manipulatzeko tailerra izango da”. Horrez gain, Zaporeak Elkartea ere joango da Ondarroa, beraiek hala eskatuta: “Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da. egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin”.
Egunaren formatua urterokoa izango den arren, aldaketa batzuekin dator aurten: “Antxoa eguna antolatzeko Udalak eta herriko taldeek egindako bileran erabaki genuen aurten oholtzarik ez jartzea; izan ere, oholtzak asko estutzen du ingurua eta horrek jende pilaketa handiak sortzen ditu. Horren ordez, Kofradia Zaharreko balkoia erabiliko da omenduari aitortza egiteko eta Kalekutzeko eskailak emanaldietarako”.
Egunari amaiera emateko, 21:30ean Oinutsik taldearen erromeria egongo da Itsasaurren. Hala ere, domekan [maiatzak 18] ere ez da planik faltako Ondarroan. 10:30ean Trainerilen Euskadiko Txapelketa egongo da badian, eta 12:30ean rock sinfonikoaren kontzertua eskainiko du frontoian Unanue Musika eskolak.
Aitziber Bengoetxea Lete herritarrak egin du aurtengo Antxoa Eguneko kartela, eta aurrerantzean ere, herriko emakume artisten lana aitortzeko helburuagaz, emakumeak izango dira horretaz arduratuko direnak: “Urte askotan gizonezkoek egin dute Antxoa Eguneko kartela, eta honi buelta emateko helburuagaz, aurreko urtean herriko emakume artistei luzatu genien proposamena. Hala, herrian emakume artista asko daudela kontuan izanda, aurrerantzean ere, emakumeak izango dira Antxoa Eguneko kartela egiteaz arduratuko direnak. Honekin, beran lanari nolabaiteko aitortza egin nahi diegu”.
Omendua. Aurten, Arantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarrak jasoko du Zilarrezko Antxoa saria, 14:30ean emango dio Ondarroako Udalak, Kofradia Zaharreko balkoian: “Oso esanguratsua da Arantza Burgoak egindako lana, eta bere kirol ibilbidea omendu eta emakumeak kirolean aritzeko egindako lana aitortu nahi diogu”.
Parte hartzaileak. Ondarroako Udalak Antxoa Eguna aurrera ateratzeko orduan parte hartu duten taberna, elkarte eta kontserba guztien laguntza eskertu nahi izan du. “Alai, Anaitasuna, Andik Ona, Antiguako Ama, Apallu, Arrantzale, Badis, Batzokia, Boga-Boga, Cantabrico, Dzanga, Gaur argi, Gaztedi, Gelasio, kabia, Kirrixki, Kulixka, KuKua, Maddi, Sirimiri, Sutargi, Txanpa, Xirula eta Zamora tabernetan egongo dira antxoa pintxoak. Horrez gain, aipatzekoa da, salmentarako postuak BBK-k jarri dituela, eta Arrantzaleen Kofradiak eman dituela antxoak”. Kontserbei dagokienez, Agirreoa, Mar Mar SL, Olasagasti, Ortiz, Matithor eta Heisa izan dira parte hartzaileak.
EGITARAUA:
Etzi, zapatua
- 11:30: Jaiaren hasiera eta turruna, Alde Zaharrean.
- 11:30-13:30: Umeak kozinatzen. Antxoak binagretan prestatzeko taierra umeentzat, Alde Zaharrean. Gamarra Ostalaritza Eskolaren eskutik.
- 14:00: Zilarrezko Antxoa saria ematea, Alde Zaharrean.
- Goiz guztian: Unanue Musika eskolako kideen ikuskizuna.
- 21:30: Oinutsik taldearen erromeria, Itsasaurren.
Maiatzak 18, domeka
- 10:30: Trainerilen Euskadiko Txapelketa, Ondarroako badian.
- 12:30: Unanue Musika Eskolaren eskutik kontzertua herriko frontoian.