"Biribila" izan da Bizkaiko Dantzari Eguna
Bizkaiko 74 dantza talde hartu ditu Lekeitiok. Etorkizuna Dantza Taldeko kideek egunaren balorazio "oso ona" egin dute: "Ezin hobeto joan zen dena".

Bizkaiko dantzariek ospakizun eguna izan zuten atzokoa [maiatzak 18]. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak urtero ospatu ohi duen Bizkaiko Dantzari Eguna hartu zuen Lekeitiok, Etorkizuna Dantza Taldeak antolatuta. Hala, 74 dantza talde, 108 autobus eta 3.500 dantzari bildu ziren atzo Lekeition. Etorkizunako kideek adierazi dutenez, “oso ondo” atera zen dena: “Dena primeran atera zen, egun biribila ospatu ahal izan genuen”.
Eguraldiaren zalantzaz zeuden antolatzaileak, baina pozik adierazi dute aurreikuspen guztiak gainditu zituela. Era berean, aitortu dute eguna “urduritasun askorekin” hasi zutela, baina azkenerako, dena ondo joan zela: “Eguna urduritasun askorekin hasi genuen. Atean batu ginen 74 dantza taldeak, eta atzerapen txiki bat egin zen arren, azkenean dena ordutegi barruan atera zen”.
Hala, kalejiran irten ziren Ateatik, eta bi ibilbidetan banatuta, plaza inguruan elkartu ziren talde denak: “Oso ondo atera zen dena, bai kalejiran eta baita plazan bertan ere. Dantza guztiak egin ahal izan ziren, eta oso ondo joan zen dena”. Ikusleen harrera ere, “oso ona” izan zela azaldu dute: “Dantzariez gain, plaza gainezka zegoen ikusleekin ere. Ezin hobeto joan zen dena. Arratsaldean ere oso ondo joan zen dena”.
Eguna aurrera ateratzeko lanean aritu ziren boluntario guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Boluntarioei egindako lan dena eskertu nahi diegu, eta baita parte hartu zuten talde denei ere. Hala ere, beti egoten dira antolaketa akats batzuk, eta barkamenak eskatu nahi ditugu horiek eragindako eragozpenengatik”. Balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek: “Duela 9 urte ospatu genuen azkenengoz Dantzari Eguna Lekeition, eta hor ere jendeari asko gustatu zitzaion. Aurten ere, jaso ditugun iritzi denak positiboak izan dira. Udaletik ere oso pozik agertu dira, eta gu geu ere, dantza talde moduan, oso pozik geratu gara”.





































































































