Finalera sailkapena eta lidergoa
Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek Iron Cupeko finaler sailkatzea lortu dute, eta ispastertarra Jai Alai Ligaren lider berria da. Emakumezkoen artean, Elaia Gogenolak eta Frida Watkinsek jokatuko dute finala.

Maisua bueltan da. Maisua ez zen sekula joan. Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Bilboko Iron Cup txapelketaren finalean egongo da. Finalaurrekoen jardunaldian, Eñaut Urreisti eta Ion Ibarluzea baino gehiago izan ziren hasieratik amaierara. Ispartertarrak eta miarriztarrak pitzadurarik gabeko bikotea osatzen dute, eta ez zieten inongo aukerarik laga mutrikuarrari eta markina-xemeindarrari. Deportivok, beste behin, goi mailako ikuskizuna hartu zen.
Lehen tantoetan, Sorozabalen lepotan egon zen partiduaren ardura, eta Erkiagak, bere aldetik, plazaratu zitzaizkion abaguneak errematatu zituen. 5 eta 1 edota 8 eta 4 aurrea hartu zuten lehenik; Urreistik eta Ibarluzeak 9 eta 6kora hurreratzea lortu zuten, baina Erkiagaren zestaren pintzelkadek bikote marroiaren artelana osatzen jarraitu zuten: 10 eta 6 aurreratu ziren, lehenik; 11 eta 9, jarraian; azkenean 15 eta 10eko markagailuarekin gailendu ziren.

Argazkia: Jai Alai News.
Lehen setean nagusi azalduta, konfiantzaz gainezka kantxaratu ziren bigarrenean Erkiaga eta Sorozabal; Urreistik eta Ibarluzeak, ostera, ez zuten marroien jokoan arrakalarik sumatzeko aukerarik eduki. Tartean, ispastertarrak erremate apartak biribildu zituen, eta miarriztarrak erabateko dominantzia bistaratu zuen pilotalekuaren atzealdeko koadroetan. Horiek, aldiz, tanto eder bat zein beste egin zituzten, adibidez, Ibarluzearen horma bikoa 11 eta 4an. Edozelan ere, bikote marroia 15 eta 5 nagusitu zen. Erkiagak eta Sorozabalek barikuan [maiatzak 23] jakingo dute finalean nortzuk izango dituzten arerio: Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Thibault Basque bidartarra daude, batetik; bestetik, Ludovic Ladutxe getariarra eta Julen Del Rio gasteiztarra.
Gogenola eta Watkinsen iraultza.
Emakumekoen partiduan, Elaia Gogenola berriatuarrak eta Frida Watkins zumaiarrak partidua errotik iraultzeko gaitasuna eduki zuten. Gogenolak hirugarren setean galdu ditu aurten hala Lekeitioko, nola Gasteizko Master Seriesak eta, gainera, Iron Cupeko iazko txapelduna da. Beraz, bigarren txapelagatik borrokatzeko aukera edukiko du aurten ere. Ozta-ozta garaitu zituzten finalerdian Helena Barrenetxea durangarra eta Maia Goikoetxea berriatuarra.

Argazkia: Jai Alai News.
Lehen setean, Barrenetxeak eta Goikoetxeak, hautagai nagusi izan ez arren, bikote sendoa, errematatzailea eta ausarta osatzen dutela frogatu zuten. Durangarraren eskumakadak nagusi izan ziren jokoan, eta markagailua haren isla izan zen. Barrenetxearen zestatik atera ziren 2 etam7koa, 3 eta 8koa, 5 eta 10ekoa eta lehen seta poltsikoratzeko balio izan zien 8 eta 15ekoa. Bigarren setean, baina, partiduak buelta eman zuen. Watkins seguruago azaldu zen atzealdean, eta Gogenolak ere urrats bat egin zuen aurrean. Tantoak egiteaz gain, aurkarien hutsegiteak eragiteko gai izan ziren. Jokaldiz jokaldi eta tantoz tanto, 15 eta 10eko markagailuarekin eskuratu zuten seta, eta partidua iraultzea lortu zuten. Finalerdia, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko zuten.
Hirugarren eta azken set hartan, sake denak agortuta, luzeegi atera zuen lehen tantoa Gogenolak, baina berehala egin zuen beste bat. Hurrengo tanto biak horientzat izan ziren, baina berriatuarrak eta zumaiarrak, erakustaldia emanez, 1 eta 3koa 5 eta 3kora irauli zuten. Azken tantoa, hain zuzen, gogorra besteko luzea izan zen; Gogenolak pilota txokoan utzi zuen, txaparen gainetxoan bikain doituz. Garaileek oraindik ez dakite finala zeintzuen kontra jokatu beharko duten: Ihart Arakistain sopeloztarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak osatzen dute bikoteetako bat; Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak, bestea.