Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate ohiari omenaldia egingo diote zapatuan
Zapatuan [maiatzak 24] egun guztiko egitarauarekin omenduko dute Joseba Palenzuela alkate ohia Mutrikun.
Mutrikuko alkatetzan 10 urte egon ondoren, aurten, “arazo pertsonalak” direla eta kargua utzi behar izan du Joseba Palenzuela Kaldok; hala, egindako lana eskertu eta aitortzeko, omenaldia egingo diote mutrikuarrek, egun guztiko egitarauarekin.
13:00etan emango diote hasiera egunari, Zubixa tabernan, eta 13:30ean kalejira egongo da herriko kaleetan zehar. 14:30ean egingo dute ekitaldia, eta bertan omenduko dute Palenzuela, ondoren, herri bazkarian batuko dira guztiak, Beheko plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, merkatu plazan egingo dute bazkaria. Gaur amaituko da bazkarian izena emateko epea; Zubixan edo Aparra dendan apuntatu ahalko da.
Bazkalostean jai giroak ez du etenik izango; izan ere, Elene eta Anukek girotuko dute plaza musikarekin, eta 20:00etan, DJ Elepuntok emango dio amaiera Joseba Palenzuela Kaldori eskainitako omenaldiari.