Errenteriako 53. Musikaste jaialdian abestuko du Lekeitioko Kantakai Koralak
Barikuan [maiatzak 23] izango da kontzertua, 19:30ean. Koruen Egunean abestuko dute, beste hiru korurekin batera. Sarrera erosi behar da.
Lekeitioko Kantakai Koralak eskualdetik kanpora emango du hurrengo kontzertua. Errenteriako (Gipuzkoa) 53. Musikaste jaialdian parte hartuko dute lekeitiarrek, barikuan [maiatzak 23]. Programa oparoa antolatu dute gipuzkoarrek, eta Musikaia Musika Eskolako koralak Koruen Egunean abestuko du; kontzertua ikusi nahi dutenek 7 euroren truke edukiko dute horretarako aukera, Errenteriako Udalaren web orritik.
Hala, 19:30ean emango diete hasiera kontzertuari, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Aurtengoan, Kantakai Koralagaz batera, beste hiru koruk abestuko dute: Landarbasoko Dizdizka, Iga Abesbatza eta Coro Euskeria de la Sociedad Coral de Bilbao. Bakoitzak launa abesti eskainiko dituzte, eta Kantakai Koralari dagokionez, Bi itsas kantu, Lollipop, Zugana Manuela eta Nora abestuko dituzte, Oihana Etxabe zuzendariaren gidaritzapean.