Kamiñazpiko jaietako play back lehiaketan eta pala txapelketan apuntatzeko epea zabalik dago
Ekainaren 6an [barikua] eta 7an [domeka] izango dira aurten Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak. Play back lehiaketan eta pala txapelketan izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak ekainaren 6an [barikua] eta 7an [zapatua] ospatuko direla jakinarazi dute Kamiñazpiko Jai Batzordeko kideek. Hala, egun horietan aurrera eramango diren zenbait ekintzetako izen emateak zabaldu dituzte; besteak beste, play back lehiaketakoa eta pala txapelketakoa.
Play Back lehiaketa, urtero legez, barikuan [ekainak 6] egingo da, 22:00etan, TXO! antzerki kolektiboaren eskutik. Izena ematea zabalik dago maiatzaren 30era [barikua] arte, Amarratza tabernan. Lehenengo hamar talde edo bakarlariak izango dira lehiaketan sartuko direnak, eta antolatzaileek adierazi dutenez, telefono bidez jakinaraziko zaie. Talde bakoitzak play backean dantzatuko duen abestia izena ematean USB batean grabatuta entregatu beharko du Amarratzan, eta antolatzaileek lehiaketaren egunean bueltatuko dute.
Pala txapelketako izena ematea ere zabalik dago, eta kasu honetan ere, Amarratza tabernan eman beharko da. 19. txapelketa izango da aurtengoa, eta berritasunekin datorrela zehaztu dute: 20 bikote egongo dira eta bi egunetan jokatuko da txapelketa. Era horretan, bariku arratsaldean sailkapenerako partiduak jokatuko dira, eta zapatu goizean final laurdenak, final erdiak eta final handia.