Ondarroa, gazte mailan nagusi
Ondarroan lehiatu da Euskadiko Trainerilla Txapelketa asteburuan, eta etxeko taldeak gizonezkoen gazte mailako bandera bereganatu du. Absolutu mailan laugarrena izan da Ondarroa, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.

Aurreko astean Bizkaiko Trainerilla Txapelketa hartu zuen eszenatoki berean lehiatu zuten domekan [maiatzak 18] Euskadiko Trainerilla Txapelketa: Ondarroako uretan. Parekotasun handiena gizonezkoen absolutu mailan bizi izan zen, Orio, Zierbena eta Bermeok bi segundo baie gutxiagoko aldeagaz bukatu baitzituzten lanak. Trainerilla horiak poltsikoratu zuen ikurrina (13.41,40), baina polemikarako tartea ere egon zen, Zierbenak helmuga azkarrago gurutzatu zuela defendatu baitzuen. Epaileek baina, Oriori eman zioten garaipena, 48 ehuneneko aldeagaz. Bermeotarrek osatu zuten podiuma, hirugarren postuan (13.43,27), Ondarroaren aurretik.
Emakumezkoen maila absolutuan Zumaiak lehen luzean aurrea hartu eta paladaz palada aurkariekiko tartea handituz joan zen, erlojua 15.50,29ko denboran gelditu zuen arte. Ondarroako arraunlariek zumaiarrek baino 31 segungo gehiago behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta laugarren postuan bukatu zuten txapelketa (16.21,58).
Gazte mailan berriz, etxeko uretan bandera bereganatzea lortu zuen Ondarroak, gizonezkoen kategorian. 3.500 metroak 14.43,50eko denboran egin zituzten ondarrutarrek, laugarren sailkatu zen Isuntzak baino ia 20 segundo azkarrago. Mundakak, berriz, bederatzigarren bukatu zuen proba (16.24,20). Emakumezkoen estropadan, berriz, San Juanek Isuntzaren aurretik amaitzea lortu zuen; bizkaitarrak gipuzkoarrek baino 12 segundo motelago gelditu zuten kronometroa (16.28,20). Ondarroak brontzezko domina jantzi zuen, eta Mutrikuk, bestalde, estropada bertan behera utzi behar izan zuen.
Kadete mailakoak izan ziren herenegun uretaratzen lehenak. Gizonezkoetan Deustok poltsikoratu zuen bandera. Mundakarrak, Portugaletegaz lehia estuan ibili baziren ere, podiumetik kanpo geratu ziren. Laugarren bukatu zuten estropada (07.41,34). Ondarroa seigarren sailkatu zen (07.5,73) eta Isuntza, berriz, zortzigarren (07.54.63).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Emakumezkoen kadete mailan Tolosaldea 08.04,78ko denboragaz gailendu zen, Zumaia eta Isuntzaren (08.39,47) aurretik. Ondarroak (08.39,47) eta Mutrikuk (08.44,36) bederatzigarren eta hamargarren postuetan bukatu zuten txapelketa, Busturialdeko kluben aurretik: Elantxobe 12. postuan bukatu zituen lanak, hamahirugarrena izan zen Mundakak baino segundo bat eta 37 ehunen azkarrago.
Espainiko txapelketa. Bizkaiko eta Euskadiko trainerilla txapelketak atzean utzi eta dagoeneko asteburuan lehiatuko den Espainiako Trainerilla Txapelketari begira daude bai arraunlariak, bai arraun klubak eta zaleak. Zapatuan [maiatzak 24] lehiatuko dituzte sailkapen estropadak, eta domekan [maiatzak 25], berriz, finalak, A Pobra do Caramiñaleko uretan, Galizian.