Saturraran hondartzan janari furgoneta ipintzeko aukera zabaldu du Mutrikuko Udalak
Maiatzaren 24ra [zapatua] arte egongo da eskaerak aurkezteko aukera.
Saturraraneko hondartzan janari furgoneta bidez salmenta ibiltariko baimenak esleitzeko deialdia zabaldu du Mutrikuko Udalak, eta maiatzaren 24ra [zapatua] arte egongo da eskaerak aurkezteko aukera.
Alda batetik, zerbitzua ekainaren 13tik [barikua] irailaren 15era [astelehena] arte eskaini beharko du esleipena jaso duenak; guztira, 93 egun. Beste aldetik, zerbitzua emateko gutxieneko ordutegia 11:00etatik 22:00etara izango dela zehaztu du Mutrikuko Udalak; hala ere, baldintza metereologikoengatik, sorospen zerbitzuaren ordutegira murriztu ahalko da janari furgonetaren zerbitzua: Ekaina eta iraila 11:3oetik 18:30era, eta uztaila eta abuztua, berriz, 11:00etatik 19:00etara . “Esleipendunak ordutegia luzatu nahiko balu, berriz, baimena eskatu beharko lioke udalari, 5 eguneko aurrerapenarekin”. Adierazi dutenez, aparkalekuko harrizko bankuen eta kantinako eraikina zaharraren artean kokatuko da janari furgoneta.
Zerbitzuaren baldintzei dagokienez, ibilgailutik egin beharko da salmenta, eta honen ezaugarriak ingurura egokitu beharko dira, “estetikari eta funtzionaltasunari dagokienez”: “Gainera, ezin izango da eskatutakoaz beste ibilgailurik jarri, eta ezta ere, adierazitako jardueraz besterik burutu. Horrez gain, ezin izango da ezer zoruari lotu, hau da, zoladuraren gainean ez da inolako ainguraketarik erabiliko eta behar bezala babestu beharko da”. Mutrikuko Udalak 60 metro karratuko plataforma jarriko du bertan, terraza bezala erabili ahal izateko. “Guztira 12 mahai eta 48 aulki jarri ahal izango dira”.
Informazio gehiago Mutriku.eus webgunean eskuratu daiteke.