Ikasturte osoan landutakoa praktikan jartzeko helburuagaz, bertso topaketak egingo dituzte Ondarroan
Etzi [maiatzak 23] batuko dira Ondarroako Zaldupe Eskolako eta Zubi Zahar Herri Ikastolako seigarren mailako ikasleak bertso topaketetan. Arri-Botx sari banakera ere egingo dute.
Ondarroako bertso topaketak ospatuko dituzte etzi [maiatzak 23] Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako seigarren mailako ikasleek. 14:30ean emango diote hasiera topaketei herriko frontoian, eta eguraldi txarra egonez gero, Gaztelekura lekualdatuko dira. Ikasturtean landutakoa praktikan jarri eta kalera aterako dute, Peru Vidal bertsolariaren gidaritzapean, bera aritu baita ikasturte osoan ikasleekin bertsotan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikasleek ikasturtean landutako bertsoak abestuko dituzte, eta Mikel Inuntziaga abeslari eta gitarra jotzailea ariko da bertsoei gitarraz doinua jartzen. Aurten, gainera, Aissa Intxausti eta Haizea Telleria izango dira bertsolari gonbidatuak. “Giro ederra sortzen da topaketan, musika eta bertsoa uztartuz. Ondo pasatzeko espazioa da honakoa”
Gainera, ekitaldia aprobetxatuz, Arri-Botx bertso paper lehiaketako sariak ere banatuko dituzte: “Bost sari banatuko dira; sari nagusia irabazlearentzat, eta beste lau finalistentzat”.