Lekitto Bedarrak tomate landaketa egingo du barikuan
Barikuan [maiatzak 23] 17:30ean izango da tailerra. Amaieran tomate landareak oparituko dizkiete partaideei.
Uda badator, eta ondo dakite hori Lekitto Bedarrako kideek. Izan ere, barikurako [maiatzak 23] ipini dute urteroko tomate landaketa egiteko hitzordua, Usotegi herritarren ortuan, 17:30ean. Ordubete inguruko tailerra izango da, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, ez dago tailerrean parte hartzeko izena eman beharrik.
Imanol Barainka taldeko kideak emango du tailerra. Besteren artean, landarea zelan landatu, ongarritzen ikasi, tontorra egin eta landereen arteko distantziak kalkulatuko dituzte. Horretarako, tomate punta luzeak landatuko dituzte; tomateen haziak Julian Arrate Arrasatek Agustindarren komentuko ortularia izandakoak ekoiztutako hazitik datoz, eta gaur egun 60 urte gainditu dituzte hazi horiek.
Antolatzaileek bertaratzeko deia egin diete herriko nahiz inguruko ortulariei; 100 tomate landare inguru banatuko dituzte partaideen artean. Azaldu dutenez, aurten ere aurreko urteetan bezainbesteko arrakasta izatea espero dute: “Taldeak antolatzen duen ikastaro arrakastatsuena izan da azken urteetan, eta inguruko eta herriko partaideak etorri izan dira, 50 partaideko kopurua gaindituz”.