Pintxoen aitzakian, zientziaz gozatu dute Markina-Xemeinen

Zientziaren Giltzak elkarteak aurten 10 urte betetzen dituen arren, lehenengoz egin dute jauzi Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunera. Pintxoen aitzakian bi ordu inguruz zientziaz gozatzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek, eta balorazio “nahiko positiboa” egin dute antolatzaileek: “Zalantzak genituen, ze, guretzat lehenengo aldia da halako zerbait dagoena Uhagonen, eta ez genekien zenbat jende etorriko zen zientziaren inguruko hitzaldi batera. Hala ere, guztira 20 lagun inguru elkartu ginen, eta nahiko ondo joan zen. Balorazioa nahiko positiboa da”.
Bi hizlari aritu ziren, eta biak ere, Leartikerren Esneki Zentroko kideak dira. Lehenengo, Irune Basagoitik hartu zuen hitza, eta Gaztagintza eta segurtasuna: zaporearen eta arriskuen arteko oreka hitzaldia eman zuen. Ostean, Enara Negretek Gazta bereizgarrien ontzea: artea eta zientzia hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldi eta hitzaldi artean, aldiz, pintxoak jan eta tertulia egiteko tartea hartu zuten bertaratu zirenek.