Familien Eguna antolatu dute seigarren aldiz
Lekeitioko eskolako guraso elkarteak zapaturako [maiatzak 24] egun osoko egitaraua antolatu du.
Lekeitioko herri eskolak dagoeneko egutegian zehaztuta dauka maiatzaren amaieran Familien Eguna ospatzea. Hain zuzen ere, seigarren aldiz antolatu dute zapatuan [maiatzak 24]. Gero eta herritar gehiago elkartzen dituen jaia da, egonkortzen eta sendotzen doana.
Orain arteko bideari erreparatuz, egitarauan ez dute aldaketa handirik egin guraso elkartetik. Egun osorako ekintzak prestatu dituzte zapaturako; izan ere, helburua da “eskolako familien arteko harremanak sendotzea”. 11:00etan hasiko dute eguna, askotariko jarduerekin; besteak beste, tailerrak, herri kirolak eta irrintzi lehiaketa egingo dituzte. 14:30ean elkarrekin bazkalduko dute; orain arte, 285 herritarrek izena eman dute.
Bazkalostean, txapel jaurtiketa txapelketa egingo dute. 17:30ean, berriz, bakoitzak bere dohainak erakusteko aukera izango du Talent Show-an. Eguzkia joaten denerako, DJ-ak egongo dira. Hala ere, musika eta jan-edana ez dira faltako, egun osoan txosna edukiko dutelako. Horrez gain, guraso elkarteko kideen artean zozketak egingo dituztela aurreratu dute.