Koldo Arriola omenduko dute bere erailketaren 50. urteurrenean
Ondarroako Maskulo Etxearen aurrean egingo diote herri omenaldia zapatuan [maiatzak 24], 12:30ean.

Guardia Zibilak Koldo Arriola Arriola erail zuenetik 50 urte bete diren honetan, herri omenaldia egingo diote Ondarroan zapatuan [maiatzak 24], 12:30ean, Maskulo Etxean -Lehengo Guardia Zibilen kuartelean-.
1975eko maiatzaren 24an erail zuen Guardia Zibilak Koldo Arriola gaztea, 18 urte zituela. Insitutuko kideen afari baten ostean, bi lagunekin garaiko Klub 34ra bidean, Guardia Zibilaren kuartel aurretik pasa ziren, eta kanpoan zegoen Guardia Zibilak hurbiltzeko eskatu zien hirurei. Arriola kuarten barrura sartu zen, eta handik gutxira entzun zuten bi lagunek tiro hotsa. Apirilaren 25ean, hilabete lehenago, Francoren erregimenak Salbuespen Egoera jarri zuen Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondarroako herriarentzat “kolpe” handia izan omen zen gaztearen erailketa, eta hurrengo egunetan “mugimendu” handia egon zen herrian.
“Urteurren borobil honetan egingo dugun herri omenaldiagaz oroimen ariketa bat gauzatu nahi dugu. Urte luze hauetan guztietan hiltzaileen bertsio gezurtia nagusitu da, eta honek ondorio latzak izan ditu. 2021. urtean, zorionez, Aitortza eta erreparaziorako euskal legearen bitartez, bizitzeko eskubidearen urraketak biktima bezala aitortu zuen Arriola. Hala ere, hiltzaileen bertsioak jarraitzen du ofiziala izaten, eta inork ez du honen ardurarik hartu ezta ondoriorik jaso ere. Ez Arriolaren kasuan ezta beste 66 heriotzen aurrean ere; bertsio ofiziala erailketak ezkutatzeko asmatu baitzen”, zehaztu dute antolatzaileek.
Ekitaldian “nolabaiteko aitortza” egingo zaie urte luze hauetan “egia bistaratu eta erreparazioaren bidean” lanean ibili diren Arriolaren familia, herritar eta abokatuei ere: “Lan handia egin da duela 50 urte gertatutakoa kontatzeko; beraz, horretan ibili direnak ere gogoan izango ditugu zapatuan, besteak beste, Imanol Oruemazaga”. Egindako lanaren ondorioz, Arriolaren omenezko plaka jarri zuen Garraxikakoek garaiko Guadia Zibilen kuartel aurrean -egungo Maskulo Etxean-, 2015ean.
Hala, Koldo Arriola omendu, memoria eraikitzen jarraitu eta erreparaziorako bitartekoak sortzeko bidean, omenaldia egingo diote zapatuan: “Bizikidetza demokratiko baterako bidea egin nahi dugu, eta horretan gabiltza. Horrek eskatzen duen aitortza, memoriaren eraikuntza, justizia eta erreparaziorako bidea eginez”.